Hainbat herritarri presoak bisitatzeko egindako eskaria ukatu diote

Uztarria.eus 2011ko urt. 25a, 17:01

Iker Iparragirre bisitatzeko eskaria ukatu diote bost herritarri

Xabier Etxeberria Txapi bisitatzeko eskaria, berriz, beste bati

Azken boladan hainbat azpeitiarri jarri dizkiete herriko presoak bisitatzeko eragozpenak. Iker Iparragirre bisitatzeko eskaria egin zuten bost herritarri ukatu egin diote eskaria eta Xabier Etxeberria Txapi bisitatzea nahi zuen beste herritar bati ere bai.

Josu Urbietak, berriz, zazpi hilabete daramatza espetxeratuta eta lagunen bisitak jasotzeko baimenik ez diote eman oraindik. Familiakoen bisitak soilik izan ditu zazpi hilabeteotan.

Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez, "Gobernu Frantziar eta Espainiarrak daramaten espetxe politikak euskal preso politikoen kolektiboa suntsitzea du helburu". Sakabanatuak egoteaz gain, preso politikoek "mota guztietako eskubide urraketak jasaten" dituztela espetxean adierazi dute. Azpeitiko AAM-ren arabera, "gure esku dago espetxeetan bizi den egoera gainditu eta Euskal Herria eszenatoki berri batetara eramatea".

Azpeitiko presoak, deportatuak eta iheslaria

Presoak
- Juan Karlos Arruti. (Paterra). Cordobako (Espainia) kartzelan daukate preso, Azpeititik 780 kilometrora. 1989ko irailean atxilotu zuten.
- Gotzon Aranburu. Villenan (Herrialde Katalanak) preso, 760 kilometrora. 2002ko abenduan atxilotu zuten.
- Xabier Etxeberria. (Txapi). Soto del Realean (Espainia) preso, 420 kilometrora. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten, eta 2009ko maiatzean Espainiaratu egin zuten.
- Jabi Agirre. Sevilla II (Espainia) preso, 957 kilometrora. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten Frantzian, eta 2008ko abenduan Espainiaratu egin zuten.
- Joseba Segurola. Osnyn (Frantzia) preso, 880 kilometrora. 2005eko martxoan atxilotu zuten.
- Iker Iparragirre. Bois D'Arcyn (Frantzia) preso, 910 kilometrora. 2007ko uztailean atxilotu zuten.
- Josu Urbieta. (Pow). La Santen (Frantzia) preso, 910 kilometrora. 2010eko ekainean atxilotu zuten.

Deportatuak
- IƱaki Etxarte. Kuban deportatuta.
- Maria Angeles Artola. Venezuelan deportatuta.

Iheslaria
- Juan Manuel Bereziartua. (Pakea)

Askatasunaren weba: www.askatu.org