'Txiki' hil zuten balen zorroak, "herriaren esku"

Berria.info, uztarria.com 2011ko urt. 22a, 20:01
Jon Paredes Manot 'Txiki'-ren ama gaur Nuarben, bala zorroekin. (Berria.info)

Haren familiak Lazkaoko artxibategiari eman dizkio gaur, Nuarben egin duten ekitaldian; bertan izan dira Angel Otaegiren senideak

Frankismoak fusilatu zituen Txiki eta Otaegi, 1975ean

Jon Paredes Manot Txiki (Zarautz) ETAko militantea hil zuten balen zorroak "herriaren esku" daude gaurtik, haren sendiak dioenez. Hain zuzen, Lazkaoko artxibategiaren esku utzi ditu familiak gaur arratsaldean, Nuarben egindako ekitaldian. Txikiren amak eta anaiak bala zorroak —fusilamenduko bost eta errematatzeko bat— iazko irailaren 15ean jaso zituzten, Bartzelonan, auzia eraman zuen abokatu Magda Oranichen eskutik.

Juan Joxe Agirre Lazkaoko beneditarren liburutegi eta artxibategiko arduradunak jaso ditu bala zorro horiek gaur, Txikiren amaren baimen agiri batekin. "Txiki herriarena da, eta bala zorroek ere hala behar dute izan", zioen Mikel Paredes irailean. "Jendeak ikusi nahi baditu, ikertu... gure herriko historiarentzat dira".

Frankismoak hil zuen Txiki, 1975eko irailaren 27an. Guardia zibilek fusilatu zuten, Bartzelonan, Sardañola del Valles hilerriaren alboan, Mikel Paredes anaia eta Marc Palmes zein Magda Oranich abokatuak aurrean zirela, eta orduz geroztik altxor gisa gordeta izan zituzten bala zorroak bi abokatuek. Iaz beste bala zorro batzuk Bartzelonako Memoria Historikoaren Museora eraman zituzten.

Angel Otaegi etakidea (Nuarbe) ere fusilatu zuten egun hartan, eta gaur haren senide batzuk ekitaldian izan dira. 17:00ak aldera hasi da ekimena. Aurretik, bazkaria egin dute, Nuarben bertan.

Jose Luis Sanchez Bravo, Ramon Garcia Sanz zein Humberto Baena FRAPeko kideak ere hil zituzten orduan. Frankismoak fusilatzera zigortu zituen azken bost lagunak izan ziren, eta Francisco Franco diktadorea zendu baino egun batzuk lehenago hil zituzten. Jende ugari asaldatu zuen gertaera hark, bai Euskal Herrian, bai nazioartean, eta mobilizazio asko izan zen frankismoaren kontra.

Ordutik irailaren 27an Gudari Eguna egiten da Euskal Herrian.