Zezenaren buruko kamerako irudiak lortu dituzte sokamuturraren dokumentalerako

Uztarria.eus 2011ko urt. 21a, 15:01
Atzo arratsaldeko sokamuturreko hiru une, zezenaren buruko kamerak jasotakoak.

Zezen Beltzek dio "zaila" zela irudiak eskuratzea; "esperimentu" horrek "ikusmin handia" sortu zuen atzo Azpeitian

Otsailaren 26an ikusi ahal izango dira irudiak, lanaren aurkezpenean

Zezenbeltz.com webguneak gaur (ostirala) dioenez, atzoko sokamuturrean zezenari dokumentalerako buruan jarritako kameraren "esperimentuak" ondo irten du, eta irudiak egon badaude, beraz.

"Enekoitz Esnaola Azpeitiko sokamuturraren dokumentala egiteko proiektuarekin Zezen Beltz elkartera joan eta ideia ontzat jo zutenean, ardatzak finkatzen hasi eta zezenari buruan kamera jartzeko ideia atera zen. "Esperimentu berria zen, eta zaila, zezenak mugimendu bortitzak egiten dituelako, bazterrak jotzen dituelako... Baina aurtengo sansebastianetan probatzea erabaki zen", dio Zezen Beltzek.

Atzokoa zen eguna. "Eta esan daiteke dagoeneko: irudiak egon badaude, arratsaldeko sokamuturrekoak".

Eguerdiko saioan gaizki atera zen froga. "Izan ere, irten zuen zezenak kamioitik, oso bortitz, eta airean atera ziren buruko kameraren pilak. Esperientzia horretaz baliatuta, arratsaldean kamera hobeto lotu zen; zezena ere hobeto atera eta joan zen Erdi kalean, zuzenago". 20:30ean egin zuten froga Esnaolak eta Lara Madinabeitia dokumentalaren bideo arduradunak, eta irudiak jaso direla ikusi zuten. "Bertikalak dira, estu samarrak, kalitatea ez da egundokoa (kamera sentzilloa da), baina irudiak badaude, eta hori zen helburua", esan du elkarteak.

Eskerrak Arnokoei

Arno ganadutegiko lagunen lana eskertu dute. Atzo haien zezenak ziren Azpeitian, "eta Andoni, Agustin, Ondarru, Egoitz eta Mikelek lan handia egin zuten zezenei buruan kamera jartzean".

Aurkezpena Sanagustinen, otsailaren 26an

Zezen Beltzek otsailaren 26an aurkeztuko du sokamuturrarri buruzko dokumentala, Sanagustin kulturgunean, eta hantxe ikusi ahal izango dira aipatutako irudiak. "Esperimentuak ikusmin handia sortu zuen atzo herrian, normala zen bezala, saio berritzailea baitzen".

Elkarrizketak-eta komunikabideetan

Azpeitian ez ezik, kanpoan ere ari da zabaltzen dokumentalaren proiektua, Zezen Beltzek jakinarazi duenez. Hala, datorren astean ETB1eko Arratsaldero saioak elkarrizketa egingo dio Esnaolari —zehazteke dituzte eguna eta ordua—, Gara-k orrialde bat aterako du hamar bat egunera, Berria-k ere landuko du erreportaje bat hilabete barru... Atzo Euskadi Irratian hainbat aldiz aipatu zuten kameraren istorio hori.