Ertzaintzak galarazi egin du plazan pankartak zintzilikatzea

Uztarria.eus 2011ko urt. 19a, 21:01
Pankartak lurrean zabalduta, altxatzeko prest, eta horren zain daudenak ertzainez inguratuta.

Poliziak arratsalde hasieratik daude plazan, eta Perez Arregin ere egon dira

Zazpietatik daude pankartak jarri behar zituztenak plazan, baimena jasotzeko zain, baina momentuz ez dago halakorik

Azken ordukoa (22:45): hiru pankarta jartzen utzi dute ertzainek, baina horietako bat kendu egin dute gero

Ertzaintzak galarazi egin du San Sebastian bezperako danborradarako plazan pankartak jartzea. Zazpietatik daude pankartak jarri behar zituztenak plazan, baimena jasotzeko zain, baina momentuz ez dago halakorik. Haietako baten esanetan, "pankartetako mezuak eta pankartak jartzea berez legezkoak direla esan digute (ertzainek), baina beraiek jartzea galarazteko agindua dutela".

Istiluen aurkako poliziak arratsalde hasieratik daude plazan, eta Perez Arregin ere egon dira. Kalez jantzitako agenteak ere ibili dira antza; Uztarriak jakin duenez, hauetako batek nortasun agiria eskatu dio lagun bati denda baten atarian.

Azken ordukoa (22:45): hiru pankarta jartzen utzi dute ertzainek, baina horietako bat kendu egin dute gero. Udalbiltza auzia-ren gainekoa –bihar emango dute epaia– eta ezker abertzalearen aldekoa –konponbidearen aldeko mezuarekin– jarrita utzi dituzte, baina gazteen aurkako erasoena jarri ondoren kendu egin dute.