Josu Diez: "Behin hegazkina hartuta, sustoa Tunisian gelditu zitzaidan"

Uztarria.eus 2011ko urt. 19a, 11:01
Josu Diez, ezkerretik hirugarrena, gelakideekin Tunisiako basamortuan. (Josu Diez)

Tunisiako istiluak direla-eta, aireportuan harrapatuta gelditu ziren Nafarroako Unibertsitateko hainbat ikasle

Josu Diez azpeitiar ikaslea ere bertan zen ikas-bidaian, eta Uztarria.com-ek berarekin hitz egin du

Nafarroako Tecnum Unibertsitateak Donostian duen kanpusean ingeniaritza ikasten ari diren 38 ikasle harrapatuta gelditu ziren joan den larunbatean Tunisiako aireportuan, istiluak zirela-eta. Ikas-bidaia egitera joan ziren 38 ikasle horietako bat da Josu Diez azpeitiarra. Uztarria.com-ek berarekin hitz egiteko aukera izan du Azpeitira itzuli denean.

Pasatu al zaizu sustoa?

Bai, bai, pasatu zait. Aireportuan egon ginen unean egon ginen larri. Behin hegazkina hartuta, sustoa Tunisian gelditu zitzaidan.

Zer gertatu zitzaizuen zehazki?

Hoteletik abiatu ginenean, bidaian izan genuen gidak abioia hartu ahal izango genuela bermatu arte ez zigula aireportura joaten utziko esan zigun. Gero, dena ondo zegoela esan zigun eta aireporturantz abiatu ginen. Aireportura egin genuen bidaian konturatu ginen zer nolako egoera zegoen herrian: tankeak, soldaduak, dendak eta bestelakoak erreta eta suntsituta…

Aireportura iritsi ginenean, sarreran poliziak eta militarrak zeuden, eta horrek errespetua eman zigun.

Barruan, hegaldiak atzerapen txikia zuela ikusi genuen, beste askotan izaten duten bezala. Geroago, hegaldia pantailetatik desagertu egin zen, eta gidak hegaldia bertan behera gelditu zela esan zigun. Orduan, hurrengo egunera arte hegaldirik ez genuela ohartu ginen.

Nola bizi izan zenuen egoera?

Momentu hartan jendea larritu egin zen, ez baikenekien gau bat, astebete edo zenbat denbora pasatuko genuen han. Hurrengo eguneko hegaldia beste turista batzuentzako zela eta ikas-bidaiara joan ginen guztiak ez ginela sartzen esan ziguten. Bien bitartean, alemaniar eta frantziar turistek hegaldi desberdinetan Tunisiatik alde egiten zuten. Gainera, setio egoera zela-eta aireportutik ezin genuen irten. Urrunean, suteak ikusten genituen eta espetxe bateko presoek ihes egin zutela zabaldu zen aireportuan. Horretaz gain, hango saltoki gehienak itxita zeuden, eurorik ezin genuen aldatu, han zegoen jende guztiarentzako janari nahikorik ez genuen… Eta hare larriagoa izan zen, gure bidaiako gida lau orduz desagertuta ibili zela, guri non zebilen esan gabe.

Zenbat denbora egon zineten aireportuan?

Azkenean 13 ordu igaro genituen aireportuan. 22:00ak aldera, seguruenik Mallorkatik hegazkin bat bidaliko zutela eta 03:00ak aldera handik aterako gintuztela zioen dei bat jaso genuen. Azkenean, horrelaxe izan zen eta 01:30ean ekipajea fakturatuta, 03:30ean Tunisiatik abiatu ginen.

Nolako tratua jaso zenuten han?

Egia esan, nahiko txarra. Tunissian Air-eko lehiatilak hutsik zeuden, inor ez zegoen. Gure gida, berriz, tabako bila joan eta lau orduren ostean jakin genuen non ibili zen. Espainiako gobernuak, bere aldetik, ez larritzeko eta lasai egoteko bakarrik eskatzen zigun.

Gutxietsita eta gurekin ahaztuta baleude bezala sentitu ginen. Eskerrak gure familiek beraien esku zegoen dena eta gehiago egin zuten: enbaxadara deitu, ministerioarekin hitz egin, egunkari eta telebista kate desberdinei gure egoera azaldu… Oso eskertuta gaude beraiekin!