Olaizola Trenaren Museoko zuzendaritzatik kentzearen erabakia "Patronatuari ohostu" zaiola dio Julian Eizmendik

Uztarria.eus 2011ko urt. 18a, 19:01

Museoaren Patronatuak atzo egindako bileraren ondoren oharra plazaratu du Azpeitiko alkateak

Museo eta Tren Turistikoen Europako Federazioak gutuna igorri die Jaurlaritzaren arduradunei, Olaizolaren kargugabetzearen kontra

Juanjo Olaizola Azpeitian dagoen Trenaren Euskal Museoaren zuzendaritzatik kargugabetzeak hautsak harrotu ditu han eta hemen. Besteak beste, Julian Eizmendik, Azpeitiko alkatea eta Museoaren Patronatuaren kide ere badenak, oharra plazaratu du gaur, hartutako erabakiarekin eta erabaki hori hartzeko erabili den moduarekin Patronatua bazterrean utzi dutela esanez.

Trenaren Euskal Museoaren Patronatuak atzo, urtarrilak 17, egin zuen lehenengo bilera Azpeitian. Julian Eizmendik gogoratu bezala, ordea, "museoaren zuzendaria bere kargutik kentzeko erabakia aipatutako bilera egin aurretik hartua zegoen". Trenaren Euskal Museoa Eusko Trenek zuzenean kudeatu izan du sortu zenetik eta hamasei urtez. Orain, ordea, fundazioa sortzea erabaki du Jaurlaritzak, museoaren kudeaketarako; baina fundazio horretan ez du tokirik izango museoaren orain arteko zuzendariak. Eizmendiren esanetan, "pentsatzekoa zen", fundazio berrira pasatzearekin, "erakunde horri atxikitako langileak, bere zuzendari Juanjo Olaizola giza-talde horren buru zela, erakunde berriari atxikiko zitzaizkiola, kontuan izanik horien ibilbide profesional egiaztatu eta kreditatua, eta urte hauetan lortutako emaitzak". Museoko langileen edota zuzendaritzaren balizko aldaketa "Patronatuan proposatu" beharko litzatekeela dio Eizmendik, "hori baita Fundazioaren gobernu-organoa, gaia aztertu, eztabaidatu eta zegokion erabakia hartzeko. Baina erabakia aurrez hartua zegoen. Hori guztia Patronatuari ohostu zaio".

Eizmendik azaldu duenez, Patronatuak onartu zuena zen "gaur eguneko giza-taldea bere horretan mantentzea, bere zuzendari Juanjo Olaizola barne, harik eta hurrengo zuzendariaren hautaketa-prozesua amaitzen den bitartean". Eizmendik, oraingoan "Azpeitiko alkate moduan", esker eta onespen hitzak zuzendu dizkie bere oharrean museoko langileei eta Juanjo Olaizolari, "sorreratik egin duten lanagatik, hutsetik abiatuta, Europako tren museorik onenetakoa bihurtu arte".

Ezin ulertu

Museo eta Tren Turistikoen Europako Federazioak (Fedecrail), berriz, gutuna igorri die Eusko Tren baltzau publikoaren eta Jaurlaritzaren arduradunei, Olaizolaren kargugabetzearen kontra.

Olaizola kargutik kentzeko "erabakiaren arrazoiak ez ditugu ulertzen", dio aipatu gutunean federazio horretako presidenteorde Jacques Daffisek. Olaizolak Azpeitiko museoan egindako lana goraipatzearekin batera, erakundearen kudeaketa-eredu berriak "nahitaez zuzendaria lekuz aldatzea ez" lukeela ekarri behar diote Fedecrail-ekoek.