Autoestimua jorratzeko ikastaroa jarriko dute abian Jabetze Eskolan

Uztarria.eus 2011ko urt. 18a, 11:01

Parekidetasun Sailean eman daiteke jada izena

Pepa Bojò psikologoak eskainiko du eskola

Iaztik Azpeitiko Udaleko Parekidetasun Sailak abian duen Emakumeentzako Jabetze Eskolaren egitarauaren baitan, autoestimu tailerra abiatuko da datorren astelehenean, urtarrilaren 24an. Martxora arte izango da ikastaroa eta Sindikatu Zaharreko lehen solairuan emango du Pepa Bojó irakasleak, gaztelaniaz. VPsikologoa, psikoterapeuta eta sexu-terapeuta da valentziarra.

Ikastaro honetan parte hartzeko 30 euro ordaindu beharko da. Langabetuei eta ikasleei, berriz, 20 euro kostako zaie. Parte hartzeko, bestalde, ezinbestekoa izango da Azpeitiko Udaleko Parekidetasun Sailean izena ematea. Epea zabalik da jada.

Astelehenetan emango dira eskolak, bi txandatan: lehen txanda 15:00etatik 17:00etara izango da, eta bigarrena 17:00etatik 19:00etara.

Jabetze pertsonala

Parekidetasun Sailetik bultzatutako ikastaroak helburu argia du: "Norberaren jabetza bultzatzea". "Emakumeon autonomia eta jabetze kolektiboa bultzatzeko beharrezkoa da, bakoitzak garatu beharreko edozein prozesuetarako abiapuntua baita".

Ikastaro honetan emakume izateak nola eragiten dien, emakumeak, besteak beste, euren gorputzarekin, euren bizitzarekin eta harremanekin nola sentitzen diren hausnartuko dute. Helburua autogestio, independentzia eta autoestimu ahalmenak indartzea da, baita norberak bere senarekin, sormenarekin eta barne mugimenduekin eta desioekin konektatzea ere.

Informazio gehiagorako Udaleko Parekidetasun Sailera jo daiteke, udaletxeko 3. solairuan, edo 943-15 79 28 zenbakira deitu (08:30 - 15:00) edo parekidetasuna@azpeitia.net helbidera idatzita.