Adio gerra garaiko Jaurlaritzako erizainari

Uztarria.eus 2011ko urt. 16a, 14:01
Santa Larizgoitia 2006an Azpeitian, bere etxean.

Asteazkenean hil zen Santa Larizgoitia, 94 urte zituela

Azpeitiarrak Espainiako Gerran liburuko (Uztarria) partaideetakoa izan zen

Uztarria Kultur Koordinakundeak 2006an azpeitiarrek Espainiako Gerra nola bizi izan zuten jakiteko liburua egitea pentsatu zuenean, besteak beste Santa Larizgoitiarengana jo zuen. Ugaokoa izan arren hura, Azpeitira ezkondu zen 1950ean eta hemen bizi izan da harrezkero; aurretik, gerra garaian, Eusko Jaurlaritzaren erizain gisa jardun zuen. Lehengo asteazkenean hil zen, etxean, Azpeitian, 94 urte zituela.

Uztarriak 2006ko irailaren 29an aurkeztu zuen Azpeitiarrak Espainiako Gerran liburua, udaletxean (Amaia Mendizabal Eliasek idatzi zuen), eta han zen Santa. Haren elkarrizketa ere badago liburuan.

Espainiako Gerrak (1936-1939) goitik behera astindu zituen Santa Larizgoitiaren bizimodua eta etorkizuna. Erizaina zen ofizioz eta, guda hasi bezain pronto, Bilboko ospitale batean lan egiteko erreklutatu zuen Jaurlaritzak. “Gizonak frontera joateko bezala, ospitaleetan lan egiteko deitzen gintuzten ikasketak genituen neskak”, zioen Uztarriaren liburuan. Erietxeetan bizitako esperientzien artean latzena, matxinoen tropek Bilbo hartzean gertatutakoa du: altxamenduaren aldeko soldaduek ospitaleko atean laga zizkieten hil zituzten gudarien hilotzak, euren kargu egin zitezen.

Hark ere ezagutu zuen kartzela, preso sartu zuten-eta. Izan ere, nahiz eta bere familia nabarmendutako abertzalea izan, Bilbon segitu zuten Francoren aldeko tropek hiria hartu ondoren ere. Larrutik ordaindu behar izan zuten. Santa eta bere aita kartzelan sartu zituzten. "Orduan nazionalista izatea nahiko arrazoi zen norbait kartzelan sartzeko”, zioen ordutik 70 urtera hark aipatutako liburuan. Larrinagako emakumeen espetxean eduki zuten: “Hura zen hura, kaosa! Zenbat jende ateratzen zuten gauetan fusilatzera... Kartzelazainen botek ateratzen zuten soinua entzuten zen gauetan; fusilatzeko emakume presoen bila etortzen ziren. Han egon ginen guztiok ikusi genuen hori”. Zenbait hilabeteren buruan aske gelditu zen Santa. Ez, ordea, aita; kartzela urte luzeak jasan behar izan zituen Puerto Santa Marian (Cadiz, Espainia).

Uztarria herri aldizkariak 2006ko martxoan Santa Larizgoitiari eta haren seme Juan Ignaciori buruzko erreportajea ere atera zuen.