HATXE, aurrenekoan bale

Uztarria.eus 2010ko abe. 31a, 13:12
Finaleko sei protagonistak, saioaren une batean. Ezkerretik eskubira, Ministro, Zinkunegi, Txibilter, Urbieta, Garmendia eta Etxaniz.

Haritz Garmendiak, Etxanizek eta Txibilterrek osatutako taldea gailendu zitzaion Bertso Parrandaren finalean MAN-i

600dik gora lagun elkartu zen Gaztetxean finala jarraitzera

Aurreneko parte-hartzea, eta txapela etxera. HATXE, Haritz Garmendiak, Etxanizek eta Txibilterrek osatutako taldea, gailendu zitzaion Bertso Parrandaren finalean MAN -i (Haritz Etxeberria Ministro, Ander Urbieta eta Nekane Zinkunegi). Erniarraitzek boto bat eta ikuslegoak bestea eman zuten finalaren norabidea erabakitzeko, eta talde berriaren aldekoa izan zen azken erabakia.

Giro bikainean eta ikusmin handiarekin jokatu zen aurtengo Bertso Parrandaren finala. Hasteko, agurrerako, MAN-ekoak ijitoz –ahuntza bakarrik falta zuten– eta HATXE-koak baserritar-musikariz –soinu, pandero, alboka eta guzti– jantzita aurkeztu ziren eszenatokian. Gurutze Oiartzabalek bete zituen gai-jartzaile lanak. Joko gehien eman zuten gaien artean, Urtezahar gauean sereno lanean aritu beharra tokatutako hiru udaltzainena; MAn taldekoek landu zuten gaia. Beranduago, HATXE-koei Errege Magoen oparirik gabe zein gelditu beharko zen erabakitzea tokatu zitzaienean, udaltzainak aukeratu zituzten.

600dik gora lagun elkartu zen Gaztetxean finala jarraitzera, lokala jendez gainezka egon zen, eta finaleko bi taldeek umorez betetako saioa osatu zuten.