Herriko argazki zaharren erakusketa irekiko dute gaur arratsaldean

Uztarria.eus 2010ko abe. 27a, 13:12

Urtarrilaren 9ra arte zabalik egongo da argazki erakusketa

Astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara egongo da zabalik; zapatu eta jai egunetan, berriz, 12:00etatik 14:00etara

Azpeitiko Argazki Elkartearen eta Udalaren ekimenez, Azpeitiak herri-gutuna jaso zueneko 700. urteurreneko ekitaldien baitan, joan den apirilean ireki zuten argazki zaharrekin osatutako lehenengo erakusketa, Betharram aretoan. Bigarren argazki bilketa egin dute eta gaur, astelehena, zabalduko dute erakusketa. Irudi zaharrak Sanagustin kulturgunean egongo dira ikusgai 2011ko urtarrilaren 9ra arte.

Herritarrek mota askotako argazkiak utzi dituzte erakusketa osatu ahal izateko. Hori dela-eta, gaika banatu dituzte irudiak. Erakusketa antolatu dutenek, "eskerrak eman" nahi dizkiete argazkiak-eta utzi dituzten herritarrei.

Astelehenetik ostiralera bitartean, 18:00etatik 20:00etara egongo da zabalik Azpeitiko argazki zaharren II. erakusketa. Zapatu eta jai egunetan, berriz, 12:00etatik 14:00ak arte egongo da irekita.