Herriko kultur taldeen parte-hartzearekin irekiko dute Sanagustin

Uztarria.eus 2010ko abe. 2a, 13:12
Kultur Mahaiko kideak eta Udal ordezkariak atzo emandako prentsaurrekoan.

Hilaren 11n egingo dute irekiera ekitaldia, 19:30ean hasita

Kultur Mahaiko kide Aitor Bengoetxeak adierazi zuenez, "Espainiarekin hitzartutako obrak bukatu dira eta aurrerantzean ere kulturgunea hobetzen segitzeko aukera dagoela uste du Kultur Mahaiak"

Abenduaren 11n, larunbata, irekiko dute Sanagustin kulturgunea. Ordu eta laurden inguru iraungo duen "irekiera ekitaldian herriko kultur taldeek eta Udaleko ordezkariek hartuko dute parte", hala adierazi zuen Olatz Prat Kultur Mahaiko kideak. Itsasi Dantza Taldeak, Dantza Sueltoko Taldeak, Juan de Antxieta Musika Eskolak, Julian Barrenetxea Abesbatza, Izarraitz Txistulari Taldeak, Eniarraitz Bertsozale Elkarteak, Zubi Zahar Musika Taldeak... hartuko dute parte irekiera ekitaldian.

Atzo aurkeztu zuten irekiera ekitaldiko egitaraua Sanagustin bertan eta Ana Mendizabal, Udal Kultura Batzordeburuak, Sanagustingo obren prozesuaz hitz egin zuen: "2010eko abendu bukaeran bada ere irekiko da kulturgunea eta, horrek, kultura plazaratzen lagunduko du". Gainera, "Elkarlanean, proiektua aurrera eramatea" lortu dutela eta Sanagustineko proiektuan "parte hartu duten guztiei eskerrak" eman zizkien Ana Mendizabalek.

Aitor Bengoetxeak hartu zuen hitza segidan eta Sanagustinen azken urteetako laburpena egin zuen: "Udalak eta Espainiako Gobernuak ez ezik, Azpeitiko kultur mugimenduak ere interesa agertu izan du Sanagustinen, honek aukera asko emango dituelako". Bengoetxeak jakinarazi zuenez, "Espainiarekin hitzartutako obrak bukatu dira eta aurrerantzean ere kulturgunea hobetzen segitzeko aukera dagoela uste du Kultur Mahaiak".

Sanagustinen oinarriak, Mahaiaren iritziz, "dinamikoa, parte-hartzailea eta zabala" izan behar dira. Halaber, "herriko taldeen plaza izan behar du, eta kanpotik jendea eta eragileak ekarri eta erakarri behar ditu".

Sanagustinen hasierako gestioa Udalaren eta Kultur Mahaiaren esku egongo da. "Mahaia kudeaketan hasieratik egotea garrantzitsua da", zioen Bengoetxeak.

Hona egitaraua:

  • (19:00etan, Sanagustineko ateen irekiera).
  • 19:30ean, Hasiera: Antzerki sketch-a. (Hortzaka Antzerki Taldea)
  • 19:35ean, dantzariak: Itsasi Dantza Taldeak agurra eta Dantza Sueltokoek fandangoa.
  • 19:45ean, herriko kultur taldeen argazkiak bideoan.
  • 19:50ean, bigarren antzerki sketch-a. (Hortzaka Antzerki Taldea)
  • 19:55ean, Musika Eskolakoak, Julian Barrenetxea Abesbatza eta Txistulari Taldearekin musika emanaldia.
  • 20:20. Zubi Zarreko musika taldeen emanaldia. (Arantzetan musika taldea)
  • 20:30. Udaleko eta Kultur Mahaiko kideen hitzak.
  • 20:35. Erniarraitz elkarteko bertsolarien saioa.
  • 20:45. Bukaera. Argazki erraldoia.
  • Mokadua.