Plan Orokorraren eztabaida "oraindik itxi gabe" dagoela dio ezker abertzaleak

Urola Kostako Hitza 2010ko aza. 29a, 17:11

Ezker abertzalekoek, "Plan Orokorraren edukietan akordiora iristeko proposamen bat" egin diete gainontzeko udaleko ordezkariei

"Beraz, akordio on batetara iristeko ateak zabalik jarraitzen dute udalean", esan dute

Azpeitiko Hirigintzako Antolaketarako Plan Orokorraren edukiaren inguruko eztabaidak zabalik jarraitzen duela azaldu du Azpeitiko ezker abertzaleak, "eztabaida oraindik orain puri-purian eta irekita dago". Ezker abertzalekoek, "Plan Orokorraren edukietan akordiora iristeko proposamen bat" egin diete gainontzeko udaleko ordezkariei. Gainera, joan den astean alkate dekretuak beraiek egindako proposamen horri "ateak irekita" utzi dizkiola azaldu dute. "Beraz, akordio on batetara iristeko ateak zabalik jarraitzen dute udalean", esan dute.

Orain dela hamar egun Azpeitiko EAJko Uri Buru Batzarrak eta EAko herriko batzordeak , bakoitzak bere aldetik, Plan Orokorra idazten ari den taldearen irizpide orokorrekin bat egiten zutela adierazi zuten.

"Isilpeko" akordioa

Ezker abertzaleak atera berri duen oharrean salatu duenez, Azpeitiko EAJko alderdiko batzarrak eta EA alderdiak "isilpean akordio bat adostu" dute: "Akordioan Corrugados eta Izarraitzpeko eremua izan dira ardatz, eta EAJko batzarraren eta EAren akordioak Izarraitzpen ia 700 etxe egitea ahalbideratuko luke". Baina, ezker abertzalekoen arabera, herriko bi alderdietako ordezkarien hitzarmen horrek hautsak harrotu ditu: "Asmo horrek bai herrian eta baita EAJn bertan ere aurkako iritziak sortu ditu. Hori baieztatzeko, ezin dugu ahaztu EAJko Udal Gobernuak orainarte Izarraitzpe eremua herri erabilerarako ekipamenduetarako izendatu eta babestu duela".

Horrez gain, Izarraizpeko edo Esklabetako eremuan "hainbeste" etxe egiteak, Corrugadoseko labeen toki aldatzeari sortzen dizkion eragozpenek "eztaibada areagotu" dute aurrez aipatutako aldeen artean. Eztabaida hoien aurrean EAk eta «bereziki EAJk» euren proposamena "berregokitu" dutela azaldu du ezker abertzaleak.

"Proposamen eraberritua"

Akordioak izandako aldaketa horrek, berriz, ezker abertzaleari "akordiora iristeko proposamen eraberritu bat egiteko" aukera eman diola gaineratu dute. "Proposamena orain dela bi aste azaldu genien gainontzeko alderdien udal ordezkariei", diote joan den ostiralean kaleratutako oharrean. Ezker abertzaleak azaldu duenez, joan den astean onartutako alkate dekretuak "ateak irekita" utzi dizkio eurek egin duten proposamenari: "Hori da gaur egun ofizialki udalean onartu den azkenengo dokumentua". Ezker abertzaleak Plan Orokorraren baitan egin duen proposamen hori "datozen egunotan" jakinaraziko dutela esan dute.