'Bake bidean' akordioarekin bat egin dute Azpeitiko hainbat eragilek

Uztarria.eus 2010ko aza. 29a, 14:11
Hainbat eragiletako ordezkariak elkartu ziren Frontoi Txiki aurreko zuhaitzaren parean.

Gernikako akordioa sinatu zuten eragile politiko, sindikal eta sozialetako Azpeitiko ordezkariak elkartu ziren larunbatean

Abenduaren 11an egingo den batzarrean parte hartzeko deia egin zieten herritarrei

Gernikako akordioa sinatu zuten eragile politiko, sindikal eta sozialetako Azpeitiko ordezkariek Bake bidean akordioa azaldu zuten joan den larunbatean, hilak 27. LAB, STEE-EILAS, Eusko Alkartasuna, Lokarri, Ezker Abertzalea, Aralar, Gazte independentistak, Ikasle Abertzaleak, Bilgune Feminista, Amnistiaren Aldeko Mugimendua eta presoen senideak elkartu ziren Frontoi Txiki atzeko zuhaitzaren azpian.

Azpeitiarrei abenduaren 11n Gernikako akordioa azaltzeko egingo den batzarrean "parte hartzeko deia" egin zieten han bildutakoek. Manuel Unanuek (EA), Xanet Esnaolak (Ezker Abertzalea) eta Juan Karlos Arellanok (Aralar) azaldu zituzten akordioaren ardatz nagusiak. Horretaz gainera, "agiriak jasotzen dituen eduki guztiak" euren egiten dituztela eta "eragileek eduki horiek beraien" egin ditzaten "lan egiteko konpromezua berrestsi" zuten. Akordioa "indarkeriarik gabeko egoera eta normalizazio politikorako oinarria" izan behar dela azaldu zuten.