Igandean derbia jokatuko du Lagun Onakek Garmendipen

Urola Kostako Hitza 2010ko aza. 26a, 13:11

Zarautzen kontra jokatuko du partida, 17:00etan Garmendipen

Igandean Klubaren Eguna du Lagun Onak-ek eta bazkideek ere sarrera ordaindu egin beharko dute

Lagun Onak-ek eta Zarautzek nor baino nor jardungo dute igandean, 17:00etan, Azpeitiko Garmendipeko futbol zelaian. Espainiako Hirugarren mailako bi futbol talde hauek sailkapenean erditik behera daude: Lagun Onak 11. postuan dago, 14 punturekin, eta 12.goan Zarautz, 13 punturekin. Beraz, etziko partidan postua ere jokoan izango dute.

Zarautzek joan den denboraldian mailaz igotzea lortu zuen, eta Azpeitiko Lagun Onak-ekin derbiak jokatzeko aukera du. Gainera, zarauztarrak zuzentzen Joseba Zubizarreta Galtxa ari da.

Igandean Klubaren Eguna du Lagun Onak-ek, beraz, bazkideek ere sarrera ordaindu egin beharko dute. Sarrera orokorra 13 euro da, eta harmailetakoa 15 euro. Bestetik, Lagun Onak-eko Futbol Eskolako neska-mutilek argazkia aterako dute Garmendipen. Horretarako, belar artifizialeko futbol zelaira 16:30ean azaldu beharko dute, taldeko txandala jantzita.