Juan Joxe Agirreren argazkiak izan dira Udazkeneko Rallyko onenak

Urola Kostako Hitza 2010ko aza. 26a, 12:11
Juan Joxe Agirrek ateratako argazki hau izan da Rallyko onena. (Juan Joxe Agirre)

Bihar da argazkien emanaldia eta sari banaketa Lagun Onak Mendi Bazkunaren egoitzan

Gaztetxoetan lehen sariduna Aiora Labaka azpeitiarra izan da

Juan Joxe Agirre azpeitiarrak ateratako irudiek bi sari irabazi dituzte Mendiko XV. eta Udazkeneko XXI. Argazki Rallyan: bilduma onenarena eta argazki onenarena. Gaztetxoetan lehen sariduna Aiora Labaka azpeitiarra izan da.

Hilaren 7an jokatu zen argazki rallya, Azkoitian, Martirietan.Azpeitiko Argazki Elkarteak eta Lagun Onak Mendi Bazkunak elkarlanean antolatu zuten ekimena. Helduetan 34 partaide izan ziren eta gaztetxoetan lau. Herri askotatik etorritako argazkizaleak izan ziren: Azpeitia, Azkoitia, Zestoa, Zarautz, Zumaia, Orio, Hondarribia, Errenteria, Lezo, Eibar, Soraluze...

Juan Joxe Agirreren atzetik, bigarren Soraluzeko Carlos de Cos izan da eta hirugarrena, Cristina Arzadun. Herriko lehen sailkatua Juan Carlos del Pozo izan da.

Rallyan ateratako argazkien emanaldia eta sari banaketa bihar izango da, 18:30ean, Azpeitian Lagun Onak Mendi Bazkunaren egoitzan.