Antzerki Topaketetako Ikusleen Saria 'Errautsak' antzezlanak jaso du

Urola Kostako Hitza 2010ko aza. 25a, 16:11

Azpeitiko XXVIII. Euskal Antzerki Topaketek "erantzun ona" jaso dute

Azaroaren 5etik 21era bitartean hamazazpi antzezlan izan dira Izarraizpe pilotalekuan, Gaztetxean eta kalean; Eskola Antzerkiaren baitan, berriz, sei antzezlan

Le Petit Theatre de Pain eta Artedramaren Errautsak antzezlanak irabazi du Azpeitiko XXVIII. Euskal Antzerki Topaketetako Ikusleen Saria. Hala, 600 euroko diru saria jasoko dute. Azpeitiko Udaleko Kultura sailaren arabera, beste urteetan ohi bezala, aurten ere jende ugari izan da antzezlanetan eta Topaketek "erantzun ona" izan dute. Denera, hamazazpi antzezlan taularatu dira Topaketetan eta Eskola Antzerkian, berriz, sei.

Azaroaren 5etik 21era bitartean egin dira antzerki topaketak. Antzezlan gehienak Izarraizpe pilotalekuan egin dira, baina bat Gaztetxean egin da eta beste bat kalean. Gainera, tartean estreinaldi bat ere izan da, Oihulari Klown taldearen Xake antzezlana.