Ostiraleko maindire ilaran "parte hartzeko" deia egin du Azpeitiko AAM-k

Uztarria.eus 2010ko aza. 24a, 16:11
Atzo hainbat herritar bildu zen maidire ilararako deialdia egiteko.

.19:00etan izango da bariantean

"Guztion artean egindako herri presioak ahalbidetuko baitu estatua mugiaraztea", jakinarazi du Azpeitiko AAM-k

Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) ostiralean, hilak 26, 19:00etan bariantean egingo den maindire ilaran "parte hartzeko deia egin" die herritarrei. Azpeitiko AAM-ren arabera, "Euskal Herriko gehiengo sindikal, politiko eta herritarraren artean euskal presoen eskubideen aldeko olatu sendo eta geldiezina bilakatu behar dugu. Guztion artean egindako herri presioak ahalbidetuko baitu estatua mugiaraztea".

Horrez gain, "espetxe politikak eragindako sufrimendua salatu" du Azpeitiko AAM-k: "700 euskal preso politiko baino gehiago daude sakabanatuta, gaixotasun larridun 7 euskal presok espetxean jarraitzen dute, 170 euskal presok zigorraren 2/3 edo 3/4 beteta dituzte eta 53 euskal presok zigorra bukatuta izan arren kartzelan jarraitzen dute. Azken horien artean dago Juan Karlos Arruti 'Paterra'". Espetxe barruko eskubideen urraketa ere "areagotzen" ari dela eta, beraz, "espetxe aldaketak, isolamendua, jipoiak... eta senideekiko jazarpena areagotzen ari da azken hilabeteetan".

Presoak
- Juan Karlos Arruti. (Paterra). Cordobako (Espainia) kartzelan daukate preso, Azpeititik 780 kilometrora. 1989ko irailean atxilotu zuten.
- Gotzon Aranburu. Villenan (Herrialde Katalanak) preso, 760 kilometrora. 2002ko abenduan atxilotu zuten.
- Xabier Etxeberria. (Txapi). Soto del Realean (Espainia) preso, 420 kilometrora. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten, eta 2009ko maiatzean Espainiaratu egin zuten.
- Jabi Agirre. Ocaña I.ean (Espainia) preso, 530 kilometrora. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten Frantzian, eta 2008ko abenduan Espainiaratu egin zuten.
- Joseba Segurola. Nanter-en (Frantzia) preso, 880 kilometrora. 2005eko martxoan atxilotu zuten.
- Iker Iparragirre. Bois D'Arcyn (Frantzia) preso, 910 kilometrora. 2007ko uztailean atxilotu zuten.
- Josu Urbieta. (Pow). La Santen (Frantzia) preso, 910 kilometrora. 2010eko ekainean atxilotu zuten.

Deportatuak
- Iñaki Etxarte. Kuban deportatuta.
- Maria Angeles Artola. Venezuelan deportatuta.

Iheslaria
- Juan Manuel Bereziartua. (Pakea)

Askatasunaren weba: www.askatu.org