Ane Ituño: “Militante politikoa izateagatik aparte, emakume bezala ere deuseztatu nahi zaituzte torturatzen dutenek”

Uztarria.eus 2010ko aza. 24a, 15:11
Sindikatu Zaharrean izan zen hitzaldia.

Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako egunaren harira, tortura sexisten inguruko hitzaldia izan zen atzo Sindikatu Zaharrean

Espainiar Estatuko indar polizialen eskutik torturak jasandako bi emakumeren testigantzak entzun zituzten hitzaldian bildutakoek

Ostegunean, hilak 25, Emakumeen aurkako indarkeria salatzeko nazioarteko eguna izango da, eta data horren harira, Bilgune Feministaren eskutik hitzaldia izan zen atzo iluntzean Azpeitiko Sindikatu Zaharrean. Espainiar Estatuko indar polizialen eskutik torturak jasandako bi emakumeren testigantzak entzun zituzten hitzaldian bildutakoek.

Torturaren Aurkako Taldeko Ane Ituño abokatuaren arabera, “oso lan gutxi argitaratu da orain artean Euskal Herrian gertatzen den tortura sexistaren inguruan eta aurrera begira landu beharreko gaia da zalantzarik gabe”. Azaldu zuenez, “herri honetan komisaldegietan emakumeek indarkeria sexista jasaten dute “gu babestu” behar gaituzten horien eskutik”.

Hainbat iturritara jo du Ituñok gai honen inguruan informazio bila eta Euskal Herriko egoeraz gain, 70. hamarkadan Txileko edota Argentinako diktaduretan torturatutako emakumeen testigantzak ere aztertu ditu. “Guztietatik ateratako ondorioa da, militante politikoa izateagatik aparte, emakume bezala ere deuseztatu nahi zaituztela torturatzaileek. Gizonezkoak zein emakumezkoak torturatuak izaten ari dira era basati batean Espainiar Estatuan, baina emakumeen kasuan badira erabiltzen dituzten teknika berezituak. Bi kasuetan erabiltzen dira golpeak, poltsa… Baina emakume torturatuen kasuetan, mehatxuak, irainak edota eraso fisikoak lotuak daude gure generoari. Bortxatuko zaituztenaren mehatxuarekin esaterako, militante politiko gisa suntsitu nahi zaituzte, informazioa atera nahi dizute, baina emakume bezala suntsitzeko ere erabiltzen dute tortura”. Horri deitzen zaio, abokatuaren arabera, tortura sexista.

Itziar Arrizabalaga zestoarrak ondo gogoan du urte asko iragan badira ere, duela 23 urte atxilotu zutenean bizi izandakoa: “Tortura generikoa (poltsa, elektrodoak…) aplikatzeaz aparte, emakume bezala oso erasotua sentitu nintzen. Sexuaren inguruko jazarpenak edo mehatxuak jasan nituen etengabe: zenbatekin oheratu nintzen, zer egiten nuen emakumea izanda kontu horietan eta ez umeekin etxean, biluzarazi ninduten, hilerokoa jaitsi al zitzaidan galdetu… Begiak tapatuta nituen, eta jende asko inguruan, denak gizonezkoak”. Momentu horretan jasandakoa gogora ekartzea gogorra egiten zaiola dio, eta egungo beste atxilotuen tortura testigantzak ez irakurtzea nahiago izaten duela aipatzen du, gogorra egiten zaiolako. “Momentu horietan bizi izandakoa, hori dena ateratzea oso zaila da. Ukitzen zaituzte, biluztu, eta bortxatu duten emakumerik ere bada. Zulo horretatik ateratzen zarenean dena bukatu dela pentsatzen duzu, eta hor geratzen da dena”.

Zaine Rekondo lesakarra 2005ean atxilotu zuten eta bost egunean eduki zuten inkomunikatuta. Bere esanetan, “tortura sexistaz hitz egiten dugunean, jendarteko botere-harremanen (menperatu/menperatzaile) erreprodukzioa da komisaldegietan gertatzen dena. Rolen arabera, jendartean beste gauza batzuk egitea tokatzen zaizu emakume izateagatik eta ez militantzia. Niri, amaren egoeraz egin zidaten mehatxu etengabe: begira zure amari zer egin diozun, ze alaba txarra izan zaren, baliteke zure amari bihotzekoak ematea, eta inkomunikazio aldiko bosgarren egunean esan zidaten zure ama bihotzekoak jota hil da eta zuk hil duzu”. Tortura generikoaz gain –poltsa egin zioten-, sexuari lotutako jazarpenak jasan behar izan zituela dio: “makila bat eman zidaten eta galdetu ea zertarako izan zitekeen. Fisikoki bortitzena egin zitzaidan, biluzteko esan eta bortxatuko nindutela mehatxatu nindutenean. Aukeratzeko esan zidaten; makila edo han ziren polizietako baten zakila. Ukiarazi zidaten zakilaren antzeko gauza bat eta beraientzako irrigarria izan zen momentu hura, nik ez nekien zer zen”.

Lanean jarraitzeko beharra

Hizlariek azaldu zutenez, “emakumearen kontrako indarkeria ez da etxeko kontua bakarrik. Estatuak praktikatzen du, eta militante politikoen kontra ere erabiltzen dute genero indarkeria”. Horren aurrean, lanean jarraitzeko beharra aipatu zuten, “arlo honetan ere lanean jarraitu beharra dago, bai mugimendu antierrepresibotik eta baita mugimendu feministatik ere”.

Mobilizazioak eta emakumeei babesa adierazteko puntu morea

Atzoko hitzaldiaz gain, ekimen gehiago prestatu ditu Bilgune Feministak Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako nazioarteko egunari begira. Ostegunean, 19:30ean elkarretaratzea egingo dute plazan, eta larunbatean, 09:30ean hasita, emakumeentzako autodefentsa txokoa izango da Sindikatu Zaharrean. Azpeitiko Udaleko Parekidetasun Sailak, bere aldetik, emakumeei babesa adierazteko puntu moreak banatu ditu herritarrek euren etxe, saltoki edo lantokietan jartzeko. Udalak eraikin publiko guztietan jarri du puntu morea.