Begoña Beobide: "Krisia berrikuntzarako aukera bezala ikusten dut nik"

Urola Kostako Hitza 2010ko aza. 24a, 11:11
Begoña Beobide Loiola Berrikuntza Fundazioko zuzendari da.

Loiola Berrikuntza Fundazioa iazko martxoan sortu zuten Urola Erdiko bi erakunde publikok eta zortzi enpresak

Irailean hasi zen Begoña Beobide fundazioa gidatzen

Iazko martxoan sortu zuten Loiola Berrikuntza Fundazioa. Egoitza Azkoitiko Oinartxo industrialdean du, baina hura egokitu bitartean Intsausti jauregian dago, Iraurgi Lantzenen. Erakunde publikoek eta pribatuek osatuta dago: Iraurgi Lantzen (Azkoitiko eta Azpeitiko udalak) eta Industrialdea; Antzibar, Biele, Corrugados Azpeitia, Glual, Sarralle, Ibarmia, Juaristi eta Sammic enpresak. Horiez gain, partehartzaileak ere baditu: Deustuko eta Mondragon unibertsitateak, Cidemco fundazioa, XVIII. Mendeko Ikasketen Xabier Maria Munibe Institutua, Innobasque eta Epsilon-Euskadi. Joan den irailetik Begoña Beobidek (Azpeitia, 1971) zuzentzen du fundazioa. Telekomunikazioko goi mailako ingeniaritzako eta Madrilgo Enpresa Institutuan MBA (Master Business Administration) ikasketak ditu eginda. Urteetan herritik kanpo lan egin du eta orain "jatorrira" itzuli da lanera.

Ia hiru hilabete daramazkizu Loiola Berrikuntza Fundazioan lanean.Zer moduz?

Oso gustura, Urola bailaran berrikuntzarako kultura hedatzen saiatzeko gogoz. Alde batetik, Loiola Berrikuntza zer den zabaltzen ari gara, eta, bestetik, hemengo enpresak gero eta berritzaileago izateko lanean ari gara.

Krisia dela eta, hemengo enpresak berrikuntzarako ere ez daude garai onenean.Ez al da horrela?

Ez, ez daude onenean. Baina nik krisia aukera bezala ikusten dut. Orain arte ia ez dugu pentsatu ere egin gure produktua, prozesua hobetzean. Aurrera egin dugu, baina egunean egunekoak denbora jan digu neurri batean. Orain, berriz, enpresak gero eta zailtasun handiagoak dituzte; beraz, garaia da pentsatzeko non eta nola gauden, zertan hobetu dezakegun eta horretarako zertan lan egin dezakegun. Txina, Brasil eta Indiako enpresak asko aurreratzen ari dira. Hori dela eta, gu zertan desberdindu gaitezkeen eta gure lehiarako abantaila non dagoen antzeman behar dugu. Txina, Brasil eta India bezalako eskulan merkearekin kostuari dagokionean desberdintzea oso lan zaila da. Orduan, beste arlo batzuetan desberdindu beharko dugu: balore erantsiko zerbaitetan, produktu hobeagoa izaten, zerbitzu hobea eta kalitatezkoa ematen… Hori nola egin pentsatu eta aztertu beharra daukagu, eta horretan laguntzeko dago Loiola Berrikuntza.

Eta nola lagunduko die enpresei Loiola Berrikuntzak?

Loiola Berrikuntzak ez die enpresei zein merkatutara jo behar duten esaten. Enpresak oso ondo dakite hori, baita produktuak pixkanaka nola hobetu ere. Loiola Berrikuntzak enpresen eta agente zientifiko-teknologikoen arteko elkar ezagutza eta harremanak sustatuko ditu, era horretan guztiak elkarri daukaten onena eskaini ahal izateko.

Enpresak produktua eta merkatua ezagutzen ditu, eLoiola Berrikuntzako bazkide diren enpresekin eta parte-hartzaile ditugun erakundeekin hainbat ekimen ari gara lantzen. Besteak beste, ekintzaile moduan, oinarri teknologikodun enpresak sortu nahi ditugu. Zergatik? Hemen inguruko enpresak oso sektore helduetan ari dira lanean, eta horri bultzada eman nahiko genioke, elkarlanean oinarrituta.

Horretaz gain, bailarako hainbat herritar goi ikasketak egin eta lanera kanpora joaten dela ikusi dugu. Guk horiek bailarara erakarri nahi ditugu; hau da, ikasketa bukaerako proiektua bailarako enpresatan egitera bultzatu nahi ditugu. Horretarako, zenbat eta enpresa indartsuagoak eduki, orduan eta errazagoa izango da bertako jendea hemen lanean gelditzea, erakargarriagoa izango delako. Bailaran jende oso ona daukagu lanean; Kizkitza Gurrutxaga kasu. Harekin harremanetan jarri gara eta aztertzen ari gara, duen ezagutza Urola Erdiko enpresetan nola ezar daitekeen.

Euskal Herri mailan daukagu izugarrizko sare zientifiko-teknologiko indartsua daukagu, eta hemengo enpresak zentru horiekin harremanak estutzea nahi dugu. Ikerketarako proiektuak sustatu nahi ditugu. Horretarako zer egin behar da? Elkar gehiago ezagutu, elkarren eskaintza eta eskaria ezagutuz. Teknologia aurreratu horrek enpresatara onura handiak ekar ditzakeela ikusten dugu. Hau da, prozesuak hobetu ditzakegu eta, era horretan, produktu hobea kostu gutxiagorekin lortuko dugu. Alde horretatik, lan asko dago egiteko eta hori lantzen ari naiz batik bat.

Gaur egun Urola Erdiko bi erakunde publiko eta zortzi enpresa dira fundazioko bazkideak. Enpresa gehiagori ateak zabaltzeko asmoa ba al duzue?

Loiola Berrikuntza nahi duten guztiei irekita dago. Zortzi enpresa horiek dira bailarako indartsuenetakoak, eta traktore bezala beste enpresa batzuk erakar ditzakete. Beste enpresa batek bazkide izan nahiko balu, gurekin harremanetan jarri besterik ez du, ateak zabalik baititugu. Loiola Berrikuntzan zenbat eta enpresa gehiago bazkide izan, orduan eta hobeto.

Loiola Berrikuntza Urola Erdiko apustu bat da, eta Urola Erdiko esparruan lanean ari diren enpresentzako da. Baina bailaratik kanpoko parte-hartzaileak ere baditugu, bai zentru zientifiko-teknologikoak, baita unibertsitateak ere.

Loiola Berrikuntzaren emaitzak noiz ikusiko dira?

Epe ertain luze baterako epea beharko da emaitzak ikusteko. Orain ereiteko garaia da. Orain erein beharra dago, gero jasotzeko. Hainbat alde daude: orain lantzen ari garen gauza batzuk epe motzera ikusiko dira, besteak ertainera eta besteak luzera. Epe motza, hiru edo lau hilabete dira, datorren martxoa edo; ertaina, uda ingurua; eta, luzea bizpahiru urte. Epe motzera, bailarako talentuak erakartzea da helburua. Dagoeneko hona erakarri ditzakegun pertsonak zeintzuk izan daitezkeen aztertzen ari gara. Horiek urtebete edo bi urtera emango dute emaitza. Landuko dituzten egitasmoak gehienetan berriak izango dira, eta gero horientzako merkatu berririk badagoen aztertu beharko da. Hori urtebete edo bi urtera ikusiko dugu. Baina orain lana egin beharra daukagu, gero emaitza ikusteko.

Horrez gain, agente zientifikoteknologikoak eta hemengo enpresak elkar ezagutu dezaten sustatzeko lanean hasita gaude, bisitaldiak-eta eginez. Zentruen baliabideak eta eskaintzak ikusiko ditugu, gero horiek hemen nola ezarri aztertzeko. Horrek zer eman dezakeen hemendik sei hilabetera edo urtebetera ikusiko dugu. Ezagutza horrek ikerkuntza proiektu bat sor dezake, baina horrek enpresari emaitzak hemendik bizpahiru urtera emango dizkio.

Artean, bi unibertsitaterekinenpresa barruko ikasketak bideratzen ari gara, eta hori ere prozesu luzea da. Denak bere denbora du.

Berrikuntzari dagokionean, Urola Erdiko enpresek zein jarrera dute?

Enpresak berrikuntza begi onez ikusten dute, eta zabalik daude. Enpresa denak ez daude fase berean: batzuk oso barneratuta daukate beharrezkoa dela ikerketa edo berrikuntza sistemak barneratzea, eta fase aurreratuagoan daude. Beste batzuk ez daude hain aurreratuta, baina prest daude aldaketarako edota berrikuntzarako. Baina egia da denak ez daudela egoera berean.

Batzuk berritzen ari dira, baina ez dira horretaz jabetzen. Berrikuntza ez da arlo teknologikoan bakarrik egiten, arlo guztietan berritu daiteke. Dena den, nahiz eta berritzeko prest egon, oraindik ere prozesu hori guzti a sistematizatzea kostatu egiten da. Baina, noski oso irekita daude denak.

Horrez gain, Loiola Berrikuntzako kide diren enpresa gehienek egitura handiak dituzte eta prestutasun gehiago izatea ahalbidetzen du. Enpresa txikiak askotan ez dira jabetzen, edo ez dakite, berritzeko aukera badutela eta zentru teknologikoekin harremanetan jar daitezkeela. Enpresa handi batzuk dagoeneko zentru teknologikoekin eta unibertsitateekin lanean ari dira, baina enpresa txikiak oraindik ez dira hasi horretan. Nire asmoa enpresa txikiak ere Loiola Berrikuntzan lanean hastea da; fundazioa denentzat zabalik baitago.

Kanpoan ibili zara lanean, eta orain herrira itzuli zara.Kanpoko enpresa horien eta bailarakoen artean alde handia aurkitu al duzu?

Hemendik kanpo hainbat sektoretan ibili naiz lanean. Bai Euskaltelen, bai Madrilen Sogecablen lana egin dudanean, ikusentzunezko sektorearekin lotutako enpresetan jardun dut. Orain, sektore hoiek erronka handiak dituzte digitalizazioarekin. Aldiz, Donostian lana egin dudanean, Loiola Berrikuntzan dauden sektoreetako enpresekin jardun dut, informazio eta komunikazio teknologiko aldetik sektore heldu horiei nola lagundu aztertu dut. Aurretik ezagututako enpresen eta Loiola Berrikuntzakoen arteko aldeak handiak dira. Urola Erdian dauzkagun sektoreak helduak dira oso, eta produkzioa egunean egunean atera behar dute. Eta nik, orain arte ikerketan egin dut lana.

Loiola Berrikuntzaren lana erronka handia da niretzat,eta dena aurrera eramateko erreminta guztiak ditugu. Ezin dugu ahaztu nondik gatozen eta zer garen. Azken batean, hemengo enpresak betiko sektoretan lanean jardun dutenak dira, eta hori lantzen joan behar dugu, baina teknologia berriek nola lagun diezaguketen ahaztu gabe.