Espainiako armadako kamioiak Azpeitian ibili direla salatu du AAMk

Urola Kostako Hitza 2010ko aza. 23a, 15:11

Gaur goizean Espainiako armadako lau kamioi ibili direla azaldu du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak

Izarraitz mendikatean armadaren maniobrak behin baino gehiagotan egin dituzte

Espainiako militarren presentzia, Euskal Herriak bizi duen "militarizazio eta egoera polizialaren adibide bat gehiago" dela esan du AAMk

Espainiako indar armatuko hainbat kamioi gaur goizean Azpeitia inguruan ibili dela salatu du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM): "Gutxienez lau kamioi Azpeitia inguruan ibili dira. Errepidez Olazko ermita ingurura joan dira, Izarraitzko bidean". Azken urteotan, Espainiako militarrek behin baino gehiagotan egin dituzte maniobrak Azpeitia inguruetan, eta AAMren arabera, "bereziki Izarraitz mendikatearen bueltan". Hori dela eta, datozen egunetan ere herri inguruetan militarren presentzia posible izango da. Horregatik, AAMk Espainiako militarren presentzia salatzeko eta mesprezua adierazteko deia luzatu die herritarrei.

Espainiako militarren presentzia, Euskal Herriak bizi duen "militarizazio eta egoera polizialaren adibide bat gehiago" dela esan du AAMk. "Espainiaren batasuna bermatzeko zeregina duen ejerzitoa gure herrian ongi etorria inoiz ez dela izan esan nahi dugu, eta are gutxiago bizi dugun une politiko honetan, non gatazkaren konponbide justu baterako oinarriak jartzen ari garen", adierazi dute. Gatazkaren konponbideak Euskal Herrian "desmilitarizazio osoa" ekarri behar duela gaineratu dute.