'Eta amama?'

Uztarria.eus 2010ko aza. 23a, 13:11
Azpeitiko Emakumeen Antzerki Tailerrekoak filmea grabatzen.

Alex Silva azpeitiarrak idatzitako laburmetraia grabatu zuten asteburuan Itziarren

Azpeitiko Emakumeen Antzerki Tailerreko Arrosa Borda, Rosa Mari Alberdi eta Amaia Ceberiok ere hartu dute parte grabazioan

Eta amama?. Izenburu hori du Alex Silva Ikus-Entzunezko Komunikazioko ikasle azpeitiarrak idatzitako film laburrak. Silvak modu honetan azaldu du filmearen edukia: "Urteetan herri batean bizi izan den andre baten istorioa da. Zahartzaroa dela-eta, hiltzera bere herrira bueltatzea adosten du familiarekin eta bidaia hori kontatzen da laburrean. Bidaiako gora-beherak kontatzen dira filmean, eta bidaia traketsa dela argi ikusten da". Horretaz gain, "euskal tradizioa ondo barneratuta duen filmea delakoan nago", dio Silvak.

Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultatean Ikus-Entzunezko Komunikazioa ikasten duten zazpi ikasleren artean egin dute Alex Silvak idatzitako laburraren ekoizpena: Iker Ugalde (Bergara), Ekaitz Herrera (AbadiƱo), Maddalen San Migel (Zaldibia), Ion Eskudero (Andoain), Olaia Juaristi (Azkoitia), Itziar Irizar (Itziar) eta Alex Silva bera. Grabazioa, berriz, Elena Irureta, Ramon Agirre eta Itziar Aizpuru aktore profesionalekin egin dute.

Horiez gain, Azpeitiko Emakumeen Antzerki Tailerreko hiru kidek hartu dute parte grabazioan: Rosa Mari Alberdi, Arrosa Borda eta Amaia Ceberio. Alex Silvak grabazioa "oso ondo" joan dela adierazi du: "Oso ondo joan da grabazioa. Gustura ibili gara, eta Arrosa, Amaia eta Rosa Marik aktore profesionalekin lan egiteko aukera izan dute".

Estreinaldia gabon ostean

Gabon ostean estreinatuko da filmea Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultatean egiten den Huhezinema jaialdian. Hala ere, "Euskal Herriko laburmetrai jaialdi desberdinetan ere filmea ikusteko aukera" izango dela jakinarazi du Silvak.