EAJren Azpeitiko Batzarrak aho batez herriko Plan Nagusiaren irizpideak onartu ditu

Urola Kostako Hitza 2010ko aza. 19a, 12:11

Azpeitiko EAJren Uri Buru Batzarrak joan den asteartean hartu zuen erabakia

Herriko Hiri Antolamenduaren Plan Nagusiaren oinarrian dauden irizpideak ontzat eman dituzte, aho batez

Erabakian "unanimitatea" egoteak alderdia "bat eginda" dagoela adierazten dutela nabarmendu dute

Azpeitiko EAJren Uri Buru Batzarrak bilera egin zuen joan den asteartean. Bertan, Azpeitiko Hiri Antolamenduaren Plan Nagusiaren oinarrian dauden irizpideak aho batez ontzat ematea onartu zuten. "Azpeitiko Batzarrak erabaki zuen Azpeitiko Udalak lan horretarako propio kontratatutako arkitektu taldea datozen zortzi urteei begira egiten ari den antolamenduari babesa ematea", diote. EAJren Batzarraren ustez, plan hori eta aurrez EAJren Batzarraren mahaiak eta alderdiaren udal taldeak zituzten planteamenduak bat datoz Plana idazten ari den talde teknikoaren giltzarri garrantzitsuekin".

Alderdiaren batzarrean "ahobatekotasuna edo unanimitatea" egoteak Azpeitiko EAJ "bat eginda" dagoela adierazten duela esan dute, "sintonia ona dago EAJren baitan hemendik aurrera datorren denboraldi berriari aurre egiteko".

Arrazoi hori tarteko, gainontzeko alderdi politikoei dei egin diete "Antolamenduaren Plan Nagusiaren oinarrizko irizpideen gainean dagoen sintoniarekin". EAJk eta EAk izan dituzten harremanetan ere "sintonia nabaria" dela azaldu du alderdi jeltzaleak. "Borondate on pixka bat nahikoa izan daiteke udalerriko indar politiko guztien artean kontsentsu bateratua lortzeko, orain arte ezinezko izan dena EAJk horretarako deia egin arren", azaldu dute. "Batasun horrek" azken urteotan Azpeitiak izan duen "blokeo instituzionaletik ateratzeko" balioko lukeela adierazi du EAJk. Eta hala, etorkizunerako bideari "ilusioz eta berme osoz ekiteko" aukera egongo dela gaineratu dute.