2011ko helduen danborrada ordubete geroago irtengo da

Urola Kostako Hitza 2010ko aza. 18a, 16:11
Irrintzi soziedadekoak plazan sartzen, aurtengo San Sebastian bezperan

Bost talde gehiago izango dira San Sebastian bezperan eta, horregatik, danborradak hainbat aldaketa izango du

.22:15ean irten beharrean 23:00etan edo 23:15ean hasiko da danborrada

2011ko helduen danborradan bost talde gehiagok irtengo dute. Guztira 27 izango dira. Beraz, San Sebastian bezperako danborradak aldaketak izango ditu, halabeharrez. Aldaketa nagusienak erabaki ditu danborradako taldeetako ordezkarien batzordeak. Hau da, beranduago irtetea erabaki dute, 22:15ean irten beharrean 23:00etan edo 23:15ean. Irten, herriko plaza nagusian talde guztiak elkartu; gauerdian bandera igo; ordu erdi inguruan plazan jo; eta, ondoren urteroko kale buelta egingo dute talde guztiek. Parrokian ohikoak dituzten piezak jotzeko geldialdia egingo dute, eta behin Erdikaletik gora Plaza Txikira heltzen direnean, herriko plazara sartu beharrean, talde bakoitzak bere soziedaderako bidea hartuko du.

Herenegun Sanjuandegiko elkarte batean bildu ziren helduen danborradako ordezkariak. Hirugarren bilkura zuten, eta han aurreko hilean egindako bileran gehiengoaren onespena jaso zuen proposamenarekin aurrera egitea erabaki zuten. Hau da, ordubete beranduago irtetea danborradak eta bandera igo ondoren egitea betiko kale buelta.

Udaleko arduradunek neurtu dute plaza nagusia eta talde guztiak sartzen direla diote.

Nondik irten erabakitzeko

San Sebastian bezperako helduen danborradako erabaki nagusienak hartu dituzten arren, zehaztapenak erabakitzea falta zaie, hala azaldu dio Urola Kostako Hitza-ri Basazabal elkarteko ordezkaria den Juanjo Lapeirak. "Talde bakoitzak nondik irtengo duen zehaztea eta adostea falta da. Talde batzuk Sanjuandegitik eta beste batzuk kaletik irtetea proposatu dute, baina oraindik ez da zehaztu justu bakoitzak nondik irtengo duen". Orain arte erabaki dutena zera da, Sanjuandegi, Loiola Bidezahar eta Loiolatxo taldeek Sanjuandegitik irtengo dutela. Kaletik nondik irtengo duten ez dute erabaki oraindik. Proposamen dessberdinak daude: Perez Arregi plazatik, Artzubitik... irtetea.

San Sebastian egunean, bandera jaisteko danborradan, aurreko urteetan baino bi talde gehiagok irtetea adostu dute helduen danborradako batzordean. "Orainarte lau taldek irteten zuten eta datorren urtean seik irtetea erabaki da. Beraz, urtero txandatuz sei taldek irtengo dute. Era horretan bandera jaitsierako danborrada indartu nahi da pixka bat", azaldu du Lapeirak.

Helduen danborradako entseguez ez dute hitz egin oraindik, baina hortaz ere jardun beharko dute danborradako ordezkariek. 2006. urtetik entseguak Izarraitz pilotalekuan egiten dituzte. Azken urteetan hiru egunetan entseatzen dute. Jende gehienak azken entseguan edota entsegu orokorrean hartzen du parte, orduan pilotalekua jendez bete egiten da. Oraindik ikusteko dago talde berrientzako ere tokia badagoen. "Ez dakit Udalak hori neurtuta izango duen", dio Lapeirak.

Datorren sansebastianetan helduen danborradan 26 danbor edo upel talde eta gastadoreak izango dira; denera 27 talde. Bost dira San Sebastian bezperan aurreneko aldiz irtengo dutenak: Loiolabide Zahar, Loiolatxo, Zulo Zabal, Ollagorra eta OƱatz, gastadoreen danbor taldea.

Hurrengoa, abenduaren 1ean

Danborradan talde gehiago izango direla kontutan harturik eta danborradan aldaketak egin beharko direla aurreikusita, beste urteetan baino lehenago hasi da biltzen helduen danborradako taldeen ordezkarien batzordea. Irailean egin zuten aurreneko bilera Basazabal elkartean. Urrian berriro bildu ziren, orduan Zokoan. Herenegun hirugarren aldiz batzartu ziren, Sanjuandegiko soziedadean. Hurrengo batzarra abenduaren 1ean egingo dute, udaletxean.

Aldaketak

  • Irteera ordua. Azken urteetan ohi bezala, 22:15ean, irten beharrean, 23:00etan edota 23:15ean irtengo du San Sebastian bezperako helduen danborradak; beraz, ordubete beranduago.
  • Irteera tokia. Oraindik zehaztu gabe dute taldeek zein zeinen atzetik eta nondik irtengo duten. Erabakita dago Sanjuandegi, Loiolabide Zahar eta Loiolatxo taldeek Sanjuandegitik irtengo dutela. Kaletik nondik irten ere ez dute erabaki; proposamenen artean daude, besteak beste, Perez Arregi plaza eta Artzubia. Aurreko urteetan danborrada Olazko Amaren plaza aurretik hasten zen.
  • Helduen danborrada. San Sebastian bezperan bost danbor talde gehiagok irtengo dute. Denera, gastadoreak kontutan hartuta, 27 talde izango dira.
  • Danborradaren ibilbidea. Irten eta talde denak herriko plazan bilduko dira, han bandera igo, ohiko piezak jo eta betiko kale buelta egingo dute, parrokian geldialdia eginez. Erdikaletik gora Plaza Txikira heldutakoan, talde bakoitzak bere bidea hartuko du.
  • San Sebastian eguneko helduen danborrada. Bandera jaisteko helduen danborrada indartzeko asmotan, San Sebastian egunean helduen bi danbor talde gehiago irtetea adostu dute danborradako ordezkarien batzordean. Beraz, lau taldek irten beharrean seik irtengo dute bandera jaistean. Lehen bezalaxe, urtero taldeak txandatuz joango dira.