Presoei elkartasuna adierazteko Boulder Txapelketa jokatuko dute larunbatean

uztarria.com, Urola Kostako Hitza 2010ko aza. 17a, 11:11

Laugarren urtez, eskaladako Boulder Txapelketa jokatuko dute larunbatean, goiz eta arratsaldez, Azpeitiko gaztetxean. Euskal presoei, senideei eta lagunei elkartasuna erakusteko antolatu dute, Euskal presoak euskal harrietara lelo hartuta.

Urteak igaro ahala, ekimenaren antolatzaileak aldatu egin dira. Aurten, Ondarreko eskaladako lokalean ibiltzen diren eskalatzaileek antolatu dute ekimena. "Guk egiten dugun kirola herriratu, ikuskizuna eskaini eta, bidez batez, euskal preso politikoek eta haien ingurukoek jasaten duten oinarrizko eskubideen urraketa salatu nahi dugu ekimen honen bidez", azaldu dute.

Hala, ezagutzen eta gustuko dutena eginez, eskalatuz, ostiral eta larunbaterako hainbat ekimen antolatu dute herriko eskalatzaileek. "Presaz presa, presoz preso, guk antolatutako egitarauarekin gure elkartasuna helarazi nahi dugu ziegetaraino".

Izena, larunbatean bertan

Ostiralerako, Greziako eskaladak izenburu hartuta ikus-entzunezkoa antolatu dute, 22:00etan, gaztetxean. Mikel Odriozola Plata eskalatzaile zestoarra ariko da hizketan.

Euskal Presoak Euskal Harrietara Boulder Txapelketa, norgehiagoka herrikoia, berriz, hurrengo egunean izango da, larunbatean. Gaztetxeko txapelketan parte hartzeko izena egunean bertan eman behar da, 09:30etik aurrera, eta 12 euro ordainduta. Inskribatzen direnek jan eta edateko postua, kamiseta eta zozketarako zenbakia izango dituzte.

Eskalatzaileak hiru mailatan banatuta lehiatuko dira: hasiberrietan, arituetan eta elitekoetan. Hasiberriak eta arituak 10:00etan hasiko dira lehian. Hasiberriek sailkapena eta finala goizean bertan jokatuko dituzte.

Arratsaldean, 16:30etik aurrera, arituen finala eta elitekoen norgehiagoka jokatuko dituzte. Elitekoen artean Euskal Herri mailako eskalatzaile ezagunak jardungo dutela azaldu dute antolatzaileek.

Maila guztietako finalak bukatu ostean, sariak banatuko dituzte, eta eskalatzeko materiala zozkatuko dute parte-hartzaileen artean. Txapelketa herrikoia denez, inoiz aritu gabeko jendea "probatzera" animatu dute antolatzaileek: "Hasiberrien mailan izena ematera animatu nahi genituzke, ondo pasatu eta boulderra edonork egin dezakeela ikusiko dutelako".

Larunbaterako haurrentzako eskaladako txoko berezia ere prestatuko dute eskalatzaileek. Txikientzat rokodromoa jarriko dute gaztetxe atarian, goizeko 10:30etik bazkalordura arte.

Kontzertuaren "arrakasta"

Pasa den ostiralean, euskal preso politikoekiko Elkartasun Kontzertua egin zuten Azpeitiko Gaztetxean. Bertan, Anger, Gose eta Egurra ta kitto! taldeek jo zuten. Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren arabera "arrakasta" izan zuen emanaldiak. "Taldeek ederki asmatu zuten giroa berotzen", esan du AAMk. Kontzertuan 250 lagun inguru bildu zen. Han jasotako dirua presoen sakabanaketak eragindako gastuei aurre egiteko dela esan dute.