Izarraitz Igeri Elkartearen 25. urteurrena ospatzeko egun berezia

Uztarria.eus 2010ko aza. 17a, 20:11

Urtarrilaren 8an bazkari batean elkartuko dira 25 urteotan elkartetik pasatutako igerilari, entrenatzaile eta batzordekideak

Izarraizko igerilariek joan den asteburuan ekin zioten lehiaketa denboraldiari

Izarraitz Igeri Elkartea sorrerako estatutuak onartu zitueneko 25. urteurrena ospatzen ari da 2010 honetan zehar. Joan den ekainean, esaterako, gaur egun elkartean dabiltzan igerilari gaztetxoenek izan zuten euren festa. Orain, berriz, ospakizunei amaiera emateko balioko dien egun berezia prestatzen ari dira elkarteko batzordekideak.

Urtarrilaren 8rako jarri dute hitzordua. Egun horretan, bazkari batean elkartuko dira 25 urteotan elkartetik pasatutako igerilari, entrenatzaile eta batzordekideak. Bazkaria Jai Alai jatetxean egingo dute, 14:00etan, baina ez da egun horretarako prestatutako ekitaldi bakarra izango. Urtarrilaren 8ko lehen hitzordua udal igerilekuan izango dute Izarraizkoek. Han, igerilari ohiek txapelketa batean parte hartzeko aukera izango dute. Froga guztiak 50 metrokoak izango dira eta bakoitzak nahi duen estiloan parte hartzeko aukera izango du; erreleboak ere izango direla aurreratu dute antolatzaileek.

Bai bazkarira joateko eta bai txapelketan parte hartzeko, Azpeitiko igerilekuan eman behar da izena, abenduaren 21a baino lehen. Bazkarira joateko asmoa dutenek 25 euro ordaindu behar dituzte, Kutxaren 21010110830006801047 zenbakian.

Denboraldi hasiera

Bestetik, Izarritz Igeri Elkarteko kirolariek joan den asteburuan ekin zieten denboraldi berriko lehiaketei. Benjamin eta alebin mailetakoak Azkoitian, Parte-hartze ligakoak Eibarren eta Errendimendu ligakoak Tolosan aritu ziren. Guztira, Izarraizko 36 igerilari lehiatu ziren joan den astebukaeran: 30 benjamin eta alebinetan, lau Parte-hartze ligan eta bi Errendimendu ligan. Azken bi txapelketa hauetan 12 urtetik gorako igerilariek hartzen dute parte.