Bertsolaria eta herria

Beñat Gaztelumendi (Berria) 2010ko aza. 16a, 18:11

MU-ren Euskal Kulturaren Transmisioari Buruzko 3. Graduondokoan parte hartu dute berriki Imanol Lazkanok eta Laxaro Azkunek, Eskoriatzan

Haiek han esandakoen gainean idatzi du gaur Beñat Gaztelumendik Berria egunkariko Arbelari begira atalean

"Herriari" kantatzen omen dio Imanol Lazkanok. "Herria", singularrean eta kolektiboan. Baina, nolako herriari kantatzen zion Imanol Lazkanok bertsotan hasi zenean? Nolako herriari kantatzen zion Franco hil ondoren? Nolako herriari kantatzen dio gaur? (Nolako) herriari kantatuko dio bihar? Transmisio naturala ia desagertu den garaiotan bertso-eskolan ikasten dugu bertsotan: zaharrago batek irakatsi zigun umetan 8ko txikiak lau errima dauzkala eta "bertsolari" bi aldiz esatea potoa dela. Imanol Lazkanok ez zuen bertso-eskolarik ezagutu haurra zela, baina zaharragoei entzunez ikasi zituen bertsolaritzari buruz dakizkienak. Eta ikasitakoari ikusitakoa erantsi zion, eta horren arabera joan da munduari egokitzen. Horregatik entzuten dio Maialen Lujanbioren herriak Basarrirenak entzuten zion bezala. Denek txalotzen dute. Eta maitasun horrek ematen omen dio indarra aurrera jarraitzeko.

Baina Imanol Lazkano ez zen bakarrik etorri Eskoriatzara; Laxaro Azkune zeukan aldamenean. Orain arteko bidean hainbestetan eduki duen bezala. Eta galdera bat luzatu zigun Laxaro Azkunek: "Zergatik izan nahi dut gai-jartzaile?". Zertarako hainbeste ordu pasa gai bati bueltaka, gero txalo guztiak bat-batean kantatuko duen bertsolari batentzat izango badira? Zergatik hartu hainbeste lan bertsoaldi txar baten ondoren soilik oroituko badira zurekin? XXI. mendean, indibidualista omen den gizarte honetan, zaila da halako konpromiso bat ulertzea.

Erraza baita bertsolariaren lana: telefono dei baten zain egon eta eguna iristean kantatu. Hori da dena. Herriak aukeratu arte itxaron. Baina 80ko hamarkadaren hasiera hartan ohartu ziren deia egiten zuena eta herria ez zirela pertsona bera. Eta elkartzea erabaki zuten, inoren kontrolik onartu gabe bidea egiten jarraitzea. Bertsolari Elkartea sortu zuten orduan, baina berehala aldatu zioten izena: Bertsozale Elkartea. Hori izango da, beharbada, Elkarteak sekula hartu duen erabakirik onena. Mugimendu bat baita bertsolaritzarena. Herriarekin batera mugitzen dena, bertsozaleen erritmora. Bertsolariena izango da protagonismoa baina bertsolariak, gai-jartzaile talderik gabe, epaile talderik gabe, antolatzaile talderik gabe, entzulerik gabe... ezingo luke plazaz plaza ibili. Eta bere buruari baino gehiago begiratu beharko dio inguruari, jakin egin beharko du uneoro aldatzen diren mundu eta entzuleengana egokitzen, bihar ere aurrean entzuleak izan nahi baditu. "Herririk gabeko bertsolaria mutua baita".