Joxe Arregiren hirurogei idatzi, liburu batean jasota

Uztarria.eus 2010ko aza. 10a, 17:11

Las cartas de Jose Arregi para creyentes del siglo XXI da Madrilgo feadulta.com webguneak gaztelaniaz argitaratu duen lanaren izenburua

Donostian hilaren 8an aurkeztu zuten eta hango liburutegietan ale denak salduta zeudela esan zuten

Joxe Arregik (Azpeitia, 1952) liburu berria atera du. Las cartas de Jose Arregi para creyentes del siglo XXI da Madrilgo feadulta.com webguneak gaztelaniaz argitaratu duen lanaren izenburua.

Liburuan, azpeitiar teologoaren hirurogei idatzi jaso dituzte, horietako gehienak gutunak. Espiritualtasuna, Eliza, hainbat gizarte gai eta gogoeta pertsonal jorratzen ditu Arregik liburu berriko idatzietan. Testuetako batzuk aurrez ere argitaratutakoak dira, eta beste batzuk orain arte plazaratu gabeak; azken horien artean daude, besteak beste, Isiltasunaren orrialdeak izeneko atalean jasotako batzuk, Munilla gotzainak ezarritako isiltasunaren ondorengoak.

Joxe Arregiren liburu berria herenegun, hilaren 8an, aurkeztu zuten Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunean. Arregirekin batera, han zen liburuaren editorea, Rafael Calvo. Aurkezpenean azaldu zutenez, Arregirena feadulta.com-ek argitaratzeko asmoa duen liburu-bildumaren lehen fruitua izan da. Aurkezpenean aurreratu zuten, era berean, Donostian salgai jarritako Las cartas de Jose Arregi para creyentes del siglo XXI liburuaren ale guztiak salduta zeudela ordurako.