Zaborra eta ura ez beste tasa eta zergak %1,8 igoko dituzte 2011n

Urola Kostako Hitza, uztarria.com 2010ko aza. 5a, 19:11

Zaborraren urteko tasa %10,34 igoko da eta urarenak kontsumitzen edo gastatzen denaren araberako igoera izango du

Bi mozio onartu zituzten azaroko udalbatzarrean: Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Egunarekin lotutakoa eta Memoriaren Egunarekin lotutakoa

Azpeitiko Udalbatzak aho batez onartu du datorren urterako ordenantza fiskalen aldaketa. Hau da, tasa, zerga eta prezio publiko ia guztiak KPI, %1,8, igoko dituzte datorren urtean. Baina, zaborraren urteko tasa %10,34 igoko da eta urarenak kontsumitzen edo gastatzen denaren araberako igoera izango du.

Atzoko udalbatzarrean hartu zuten erabakia. Han, Julian Eizmendi alkateak azaldu zuenez, bilera dezente egin dituzte erabakia hartu aurretik, baina azkenean alde guztiek onartu dituzte, "adostasunera iritsita". Igoera ezartzeko kontutan hartu duten KPIa joan den abuztuaren bukaerakoa da, "irailean hasten garelako tasen inguruan hitz egiten".

Iñaki Errazkin hautetsi independentistak azaldu zuenez, denen artean adostasunera iristeko "borondatearekin jokatu" dute: "Guk KPI igotzeko apustuaren alde egin dugu, eta ez genuen nahi zaborra horrenbeste igotzea. Hala ere, Azpeitia beste herrietako tasekin alderatuta erdian edo baxuago dagoenez onartu egin dugu igoera". Horrez gain, Udalak azken bi urteetan jaso dituen diru ekarpenak jaitsi egin direla nabarmendu zuen Errazkinek, "ekarpenak behera egin dute azken urteetan, baina Udalak bere kapitala eduki beharra dauka arlo guztietan bere ekarpenak egingo dituen aurrekontua osatzeko".

Zaborraren urteko tasak %10,34ko igoera izango du. Hau da, lehen urteko 88,60 euro ordaintzen ziren eta datorren urtean 97,76 euro ordaindu beharko dira, "urtean 9,16 euro gehiago ordaindu beharko dira". Igoera horrekin, urtean zehar egiten den "zuloa mantentzen" dela azaldu zuen Eizmendik. "Lapatxen zaborra botatzeagatik Udalak ordaindu behar duena urtero %19 igotzen da. Bestetik, dauzkagun sarrerekin dugun kostu guztia ez dugu estaltzen eta %30 inguruko zuloa egiten da. Datorren urterako zaborraren tasan ezarriko dugun igoerarekin egiten den zulo hori ez handitzea da asmoa".

Bestetik, aurten hondakin organikoak konpostatzen parte hartu duten herritarrek hobari bat jaso dute zaborraren tasan. Baina, datorren urterako hobari hori kendu egin dute. "Orain gutxi arte Foru Aldundiak ordaintzen zuen zati handi batean, baina aurtendik aurrera zerbitzu honen kostu guztia Udalaren kargu da", azaldu zuen alkateak.

Uraren tasa gastatzen denaren arabera igo da. Hau da, gero eta ur gehiago kontsumitzen dutenek igoera handiagoa izango dute datorren urtean uraren tasan.

Uraren tasa hiru hilabetetik behin ordaintzen da.

  • Urik kontsumitzen ez duen familiari %1,8 KPI igoko zaio, hau da, 0,53 euro gehiago hiruhilero.
  • 10 metro kubiko kontsumitzen duenari %2,27, hau da, 0,74 euro hiruhiero.
  • 30 metro kubiko kontsumitzen duenari %2,94; 1,16 euro.
  • 40 metro kubiko; %3,8; 2 euro.
  • 50 metro kubiko; %4,31; 2,86 euro.

Udalak emandako datuaren arabera, abonatuen %85ak 50 metro kubiko baino gutxiago kontsumitzen du. Eizmendiren hitzetan, "kasu honetan, ur eta estolderia tasa hauen igoerarekin zerbitzu hauek Udalari suposatzen dioten gastu eta sarreren arteko aldea, termino absolutuetan, mantentzen ahalegindu gara. Hori izanda gure helburua".

Tasa horiez gainera, telefonia mugikorreko enpresei tasa berri bat jarriko die Udalak, "udal jabari publikoaren erabilera pribatiboa eta aprobetxamendu berezia egiteagatik".

2010ean Udalaren gastuen eta sarreren arteko zuloa -691.919 eurokoa izatea espero dute udal arduradunek; sarrerak gastuaren %67,35a izango dira.

2011rako egiten den igoerarekin, zuloa -675.391 eurokoa izatea aurrikusten dute; sarrerak gastuaren %68,71a izango lirateke.

Bi mozio

Bestetik, bi mozio ere onartu zituzten osteguneko udalbatzarrean. Azaroaren 25arekin, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Egunarekin, lotutako mozioa aho batez onartu zuten. Berdinsareak bultzatutako ekimen batzuekin bat egitea erabaki zuten, Beldurbarik lelo hartuta. Horrez gain, Azpeitian Zer? udal aldizkariarekin batera etxe guztietara puntu morea duen kartela banatzea onartu zuten.

Bigarren mozioa, Azaroak 10, Memoriaren Eguna-rekin bat egiteko proposamena izan zen. Alkateak proposatu zuen onartzea, Eudeleko zuzendaritza batzordeak ere onartuta duela eta. Zazpi puntu dituen mozioa onartzearekin batera, egun horretan, 12:00etan, udaletxe aurrean elkarretaratzea egitea proposatu zuten. Mozio honetan eztabaida gehiago izan zen, eta alkatearen kalitateko botoari esker onartu zuten. Hautetsi independentistek eta Aralarreko zinegotziak mozioaren aurka bozkatu zuten; EA-ko bi zinegotziak abstenitu egin ziren; eta EAJkoek alde bozkatu zuten. Baina, EAJtik Iñaki Etxezarreta zinegotzia falta zenez, bozketan berdinketa gertatu zen. Orduan, alkateak kalitateko botoa erabili eta mozioa onartuta gelditu zen.

Hautetsi independentistek eta EAkoek azaldu zutenez, alderdi politiko batzuk beste testu bat eztabaidatzen ari dira egun hauetan, eta kontuak horrela mozio hori bozkatzea ez zuten ondo ikusten. Horrez gainera, EAko Manuel Unanuek mozioarekin ez zetorrela bat azaldu zuen, "hutsune dezente" dituelako.

Aralarreko Juan Karlos Arellanoren ustez, "mozioaren testua herrena da, eta horrelako kontu serioak beste helburu batzuekin egin behar dira. Izen asko ahaztu dira mozioaren testua egiterakoan; borondate onarekin egindakoa izango da, baina biktima guztiak ez dira kontutan hartzen”.

Ezker abertzaleko hautetsien ustez ere, "estatuen biolentziaren ondorio diren biktimak ezkutatu egiten dira mozioaren testuan. Gatazkaren errealitate partziala hartzen da kontutan. Carrero Blanco biktima da eta Angel Otaegi ez, eta azpeitiarroi hori onartzea eskatzen zaigu".