Gaurtik igandera ospatuko dituzte Lasaon Martin Deunaren festak

Uztarria.eus 2010ko aza. 5a, 17:11

Txupinazoa gaur botako dute, 20:00etan

Larunbat arratsaldean umeentzako egongo da festa, eta igande goizeko azoka izango dute azken ekitaldia

Martin Deunaren festak aurrerapenarekin ospatuko dituzte aurten Lasaon. Datorren ostegunean, azaroak 11, izango da zaindariaren eguna, baina lasaotarrek aurreko asteburura aurreratu dituzte 2010eko festak.

Txupinazoa gaur botako dute, 20:00etan. Ondoren, eta sanmartinetako aurreneko gaua girotzeko, bertsolariak eta trikitilariak izango dituzte.

Larunbata, berriz, bereziki umeei eskainiko zaie Lasaon. Horrela, 15:00etan hasi eta 19:00ak bitartean, jolasak, puzgarriak eta txokolate jana izango dituzte umeek.

Igandean berriz, eta azkeneko urteetan egin izan dutenari jarraituz, jaien barruko azoka berezia egingo dute Lasaon. 11:00etatik aurrera izango da azoka bisitatzeko aukera. Aurtengo festetako azken eguna izango den horretan, txistularien kalejirarekin girotuko dute goiza.