Ostiral gaua, bertso giroan

Uztarria.eus 2010ko aza. 5a, 11:11

Gaur hasiko da Bertso Parranda 2010, Orkatzen, 23:00etan

EAR eta MAN taldeak ariko dira lehian

Zortzi urte pasatu dira Erniarraitz Bertsozale Elkarteak lehenengo Bertso Parranda prestatu zuenetik. Bi urtean behineko legez, iristear da tabernak bertsoz betetzen dituen ekimena. Gaur gauean hasiko baita 2010eko Bertso Parranda.

Orkatz tabernan izango da saioa, 23:00etan hasita. EAR (Erreiru, Agite, Ruben) eta MAN (Ministro, Ander, Nekane) taldeak izango dira oholtza gainean kantari. Hainbat bertso abestu beharko dituzte; koplatan, puntutan, ofiziotan...

Azken hitza epaileek eta ikusleek izango dute. Hau da, Erniarraitzek jarritako epaile bakoitzak (bi izango dira) boto bana izango dute, eta ikusle guztien artean boto bat. Orkatzeko saioa irabazten duen taldea Errezilgo finalerdietara sailkatuko da.