Justo Isart: "Ederra da usoak etxera bueltan direla ikustea"

Urola Kostako Hitza 2010ko aza. 3a, 11:11
Justo Isar bere usoekin. (Nerea Uranga)

Justo Isartek uso mezulariak ditu eta lehiaketetan ibiltzen da usoekin

Ehiza garaia bukatu orduko, hasiko da entrenamenduekin

Hegaztizalea da Justo Isart (Azpeitia, 1967), baina batik bat usozalea edo kolonbofiloa. Txiki-txikitatik gustatu izan zaizkio usoak, eta umea zenetik ditu, "beti uso mezulariak", dio. Txabolan eduki izan ditu usoak beti; gaur egun Madalena auzoko txabolan ditu usategia eta oilotegia. "Oiloak libre ibiltzen dira baina, usoak, orain ehiza garaian usategi barruan edukitzen ditut. Behin ehiza garaia bukatzen denean hasiko naiz libre uzten, entrenatzen eta lehiaketako denboraldirako prestatzen", dio.

Txabolan bertan hartu du Urola Kostako Hitza, hegaztiei jana eman ondoren. Hegaztiena afizio baitu; ofizioa, berriz, Urtzi tabernan zerbitzari aritzea. Usategi berria eginda du, eta hantxe ditu 54 usoak; denak mezulariak. "Lehen beste usategi bat nuen, baina usoak erraz gaixotzen zitzaizkidan. Orduan, berri bat egitea erabaki nuen, eta berrian jarri ditudanetik ez zait bakar bat gaixotu. Nonbait, eguzkiak gehiago jotzen du oraingoan", dio. Azpeitian Isartez gainera beste hiru usozale ere ibiltzen dira uso mezularien lehiaketetan, eta Zumaian ere beste dozena erdi bat badela dio.

Usoak betidanik izan dituzula diozu, baina usoekin lehiatzen noiz hasi zinen?

Usoak bizi guztian eduki ditut, baina uso mezularien lehiaketetan parte hartzen orain dela hamabi urte inguru hasi nintzen. Aurrena federatu eta gero lehiaketetan ibili naiz. Azken bi urteetan ez dut lehiaketetan parte hartu, baina datorren urtean berriz hasiko naiz.

Usoek lehiaketetan parte hartu ahal izan dezaten, aurretik prestatu egin behar al dira?

Bai, bai, guk usoak entrenatu egiten ditugu lehiaketen denboraldia hasi aurretik. Kaiolatan sartu eta Zumaiara eramaten ditugu, gero han libre uzteko. Hori bizpahiru aldiz egin eta urrutirago eramaten hasten gara; Zarautzera, esaterako. Gero, Donostiara, eta ondoren, Baionatik aurrera lehiaketekin hasten gara. Astero-astero izaten dira lehiaketak, eta gero eta urrutiragotik soltatuta.

.54 uso dituzu, baina horien artean faboritoak ere izango dituzu, ezta?

Bai, noski, aukeraketa bat egiten da. Nik dauzkadan ia guztiak familia berekoak dira, baina tartean baditut fitxatutakoak ere. Bikote bat daukat mila kilometrotik etorritakoak, Bruselatik (Belgika). Horien kumeak ondo ibili dira, eta baita horien kumeen kumeak ere.

Orduan, denak zeuk hazi eta hezitako usoak dituzu?

Bai, gehienak bai. Baina tarteka kanpotik ere ekartzen ditut usoak. Orain dela bi aste bikote bat ekarri nuen Coruñatik (Galizia), Internet bidez erosita. Nik usoak erosi dizkiodan usozaleak edertasun lehiaketetan ibiltzen ditu, ez ditu libre uzten. Seguraski niri ez didate lehiatzeko balioko, baina uso politak direlako ekarri ditut, kapritxoz. Gero, ikusiko dut besteekin nahastu edo ez; politak eta onak atera baditzazket, primeran! (kar, kar)

Eta lehiaketetara zeuok eramaten al dituzue usoak?

Ez, guk ez. Lehiaketetan parte hartzeko Espainian eta Frantzian gaude federatuta. Klubak lokal bat Itziarren du, eta han nago federatuta. Beraz, usoak lehiaketara eramateko, nik kaiolan sartu eta Itziarrera eramango ditut. Han kamioian sartu eta batek Baionara eramango ditu, eta han beste kamioi batera sartu eta lehiaketa hasten den tokira eramango dituzte. Gero, guri noiz libratuko dituzten abisatzen digute eta noiz iritsi daitezkeen kalkulua atera eta zain egoten gara usoa noiz iritsiko.

Izugarria izango da bada, usoa txabolara iristen ikustea, ezta?

Bai, bai. Izugarrizko alturan etortzen dira, neka-neka eginda eta jaitsi eta ura edatera joaten dira zuzenean. Ederra da, izugarrizko emozioa sentitzen da zeure usoak bueltan direla ikustean. Ikusteko izugarria da. Baina, egonaldi ederrak egindakoa ere banaiz, eguraldi txarra eta usoak ez datozela, hiru ordu itxoiten... Halako batean iristen diren arte!

Iristen direnean nola hartzen diozue denbora?

Gomazko eraztun bat ekartzen dute hanka batean eta, iritsi orduko usoa harrapatu, eraztuna kendu eta erloju moduko kaxa batean sartu behar izaten dugu. Gero, kaxa hori zabaltzera federaziora joan behar izaten da, eta han ikusten da usoak zer denbora egin duen eta zein abiaduratan ibili den.

Sari handiak izaten al dira lehiaketetan?

Ez, hemen garaikurrak izaten dira, dirurik ez. Baina Belgikan eta Herberehetan diru sari handiak banatzen dituzte. Han usoak garesti saltzen dituzte.

Lehiaketetan galdutako usorik izaten al da?

Bai, bai, lepo. Urtea 40 usorekin hasi eta denboraldia 8-10ekin bukatzen badut, gustura. Galdu asko egiten da, telefonoa eta helbidea edukitzen dute, baina inondik ez dute deitzen.

Usoak lehiatzen ari direnean kontrariorik handiena zein dute?

Zapelatzak eta elektrizitate hariak. Askotan zaurituta iristen dira . Hala ere, berehala sendatzen dira usoak. Gogorrak dira.