Larunbatean izango da V. Ardo Eguna

Uztarria.eus 2010ko aza. 2a, 19:11

Arabar Errioxatik, Nafarroatik, Errioxatik, Aragoitik eta Gaztela-Leondik etorritako 25 upategik hartuko dute parte

Ardo eta pintxo saltokiak 11:30etik 14:30era irekita egongo dira plaza Nagusian

Festa girorik ez da faltako datorren larunbatean, azaroak 6, herriko plaza Nagusian. Bosgarren urtez, Ardo Eguna egingo da bertan goiz-eguerdi partean. Arabar Errioxatik, Nafarroatik, Errioxatik, Aragoitik eta Gaztela-Leondik etorritako 25 upategik hartuko dute parte Udalak eta Odriozola Ardoak etxeak elkarlanean antolatutako ekimenean.

Hau da V. Ardo Egunean parte hartuko duten upategien zerrenda: Heredad de Ugarte (Biasteri), Conde de Valdemar (Oion), El Coto (Oion), Hermanos Berzal (Mañueta), Cune (Biasteri), Señorio Arana (Bastida), Luis Alegre (Biasteri), Faustino (Oion), Viña Salceda (Eltziego), Iñurrieta (Falces), Viñedos y Crianzas Alto Aragon (Salas Bajas), Agricola Castellana S. Coop (La Seca), Coop. El Patrocinio (Uruñuela), Carlos Serres (Haro), Larchago (Lapuebla de Labarca), Arabarte (Eskuernaga), Ostatu (Samaniego), Valpiedra (Cenicero), Muga (Haro), Medrano Irazu (Bilar), Casado Morales (Lapuebla de Labarca), Bodegas Rioja Alta (Haro), Baron de Ley (Mendabia), Castillo Monjardin (Villamayor de Monjardin) eta Ruiz de Viñaspre (Biasteri).

Txartelen salmentan berrikuntza

Txartelen salmentan berrikuntza izango da Ardo Egunaren bosgarren edizio honetan. Horrela, 4 euroren truke edalontzia eta zortzi txikito edateko aukera emango dute antolatzaileek. "Dastaketa bera bultzatu" nahi dute horrela.

Gazta, piperra eta pintxoak

Ardoa ez ezik, jatekoa ere izango da larunbatean plazan. Bertako lauzpabost baserritako gazta, Gernikako piperrak eta Azpeitiko Gaixo eta Elbarrituen Aisialdiko taldeak (GAEL) prestatuko dituen ogitartekoak dastatzeko aukera izango da. Elkarteak biltzen duen diru guztia euren proiektua bultzatzeko bideratuko dute.

Ardo eta pintxo saltokiak 11:30etik 14:30era irekita egongo dira plaza Nagusian.

Trikiti doinuak izango dira festaren azken osagaia, Izer eta Alabierren eskutik.