Eskualdeko bosgarren garbigunea zabaldu dute Azpeitian, Lapatxen

Urola Kostako Hitza 2010ko urr. 28a, 11:10
Julian Eizmendi Azpeitiko alkatea, Carlos Ormazabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Garapen Iraunkorreko diputatua eta Asier Aranbarri Azkoitiko alkatea eta Urola Erdiko Udal Elkarteko lehendakaria garbigunearen inaugurazioan. (Nerea Ur

Hondakinak birziklatzeko eta berrerabiltzeko balioa duen azpiegitura dela nabarmendu dute

"Aspaldiko gabezia bati erantzuteko" jarri dute abian gunea Lapatxeko zabortegian; birziklatzea sustatzeko urratsa dela diote

Atzotik Urola Kosta eskualdean bost garbigune daude: Azkoitian Altzibarko industrialdearen aurrean, Azpeitian Lapatx zabortegian, Aia-Orion Ubegun industrialdean, Zarautzen AbendaƱo industrialdean eta Joxe Mari Korta industrialdean. Berriena Azpeitikoa da, atzo bertan inauguratu zutena. Azpeitiko alkate Julian Eizmendiren esanetan, "aspaldiko gabezia bati erantzuna emateko balioko duena".

Urola Erdiko herritarrei beste zerbitzu bat eskaintzeko asmoarekin eraiki dute: "Garbigune batek zabortegira joaten den hondakin kopurua nabarmen murrizten du. Halaber, birziklatzea sustatu eta gure gizartean iraunkortasunaren aldeko kultura txertatzen du", azaldu dute azpiegitura berriaren inguruan. Zazpi herri dira Urola Erdiko Udal Elkartea osatzen dutenak: Aizarnazabal, Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Bidegoian, Errezil eta Zestoa.

*Besteekin "solidarioak"

"Gaur egun, Lapatx hiri hondakinen tratamendu zentroa da. 1988an ireki zuten zabortegia. Hogei urte geroago, 2008an, ipini zuten martxan konpostarako planta eta orain garbigunea jarriko dugu martxan", azaldu zuen atzo Lapatxen Julian Eizmendi Azpeitiko alkateak. Norbanakoentzat eta familientzako baliagarri izango den azpiegitura izango dela nabarmendu zuen.

Aspaldian Lapatx zabortegian beste eskualdetako zaborra ere biltzen dela gogorarazi zuen Azpeitiko alkateak: "Solidarioak izatea tokatzen zaigu, eta aspalditik hala izaten ari gara: Urola Erdiko zazpi udalerrietako zaborrez gain Debabarrenako zaborrak jasotzen hasi ginen. Eta duela hiru urtetik San Markos eta Txingudiko zaborrak jasotzen ditugu Lapatxen".

Zabortegia 2013ra arte

Lapatxeko zabortegia hiru urte barru ixtea aurreikusita eta hitzartuta dagho. Eta "eguna gertu izatea" espero dutela azaldu zuen Eizmendik. Lapatxeko konpostatzeko planta aurrera begira handitzeko asmoa dute; "konpostatzeko aukera anitzei geroz eta aterabide gehiago emateko planta".

Urola Erdiko Udal Elkarteko lehendakari eta Azkoitiko alkate Asier Aranbarrik Azpeitiko garbigunea eraikitzeko udal elkartearen, Lapatx SAren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko lankidetza nabarmendu zuen. Urola Erdiko bigarren garbigunea izango dela aipatu zuen Aranbarrik, Azkoitian lehendik ere badagoelako. Baina, Azpeitikoa "handiagoa eta modernoagoa" dela esan zuen, eta, aurreikuspenen arabera, "etorkizun oparoa" izango duela.

Birziklatuz eta berrerabiliz gero eta hondakin gutxiago izango dela nabarmendu zuen Azkoitiko alkateak.

Carlos Ormazabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Garapen Iraunkorreko diputatuaren arabera, Lapatxen garbigunea zabalduta "beste urrats nabarmen bat" eman da. Lapatx zabortegia 2013. urte bukaeran itxiko dutela gaineratu zuen eta orduan konpostajeko planta eta garbigunea geldituko direla bertan.

Gakoa, "prebentzioan eta birziklapenean" dagoela azaldu zuen Ormazabalek.

Lapatxeko garbigunea

Erabiltzaileak: Urola Erdiko Udal Elkarteko zazpi udalerrietako (Aizarnazabal, Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Bidegoian, Errezil eta Zestoa) norbanakoak eta familiak.

Ordutegia: Astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 18:00etara. Larunbatetan, 08:00etatik 12:30era egongo da zabalik. Igande eta jaiegunetan itxita egongo da.

Zer da jasotzen dena? Plastiko bereziak, etxetresna elektrikoak eta elektronikoak, hondakin arriskutsuak, obrako hondakinak, etxeko olioa, pilak, egurra, txatarra, kotxeetako olioa, kartoia, tonerrak...

Azpiegiturak: Hondakinak biltzeko zazpi horma hobi eraiki eta guztira 14 edukiontzi jarri dituzte. Horretaz gain, hondakin arriskutsuei zuzendutako estalitako gune bat ezarri dute.

Azpiegitura berriaren kostua: Lapatxeko garbigunearen eraikitze lanek, egindako beste lan batzuekin batera, milioi bat euroko kostua izan dute. Diru horretatik, 630.000 euro Gipuzkoako Foru Aldundiak jarri ditu. Gainontzekoa, Urola Erdiko Lapatx Zabortegiak ordaindu du.

Azaroaren 6an, ate irekiak

Bisita gidatua. Azaroaren 6an ate irekiak egingo dituzte Azpeitiko Lapatx zabortegian, 10:00etatik 12:30era. Tarte horretan, Ingurugiro Etxeko teknikariek bisita gidatuak eskainiko dituzte garbigune berria ezagutzeko eta erabilera azaltzeko.