Manifestazioa deitu du Azpeitiko ezker abertzaleak, "prozesu demokratikoa eta euskal gazteria babestu eta bultzatzeko"

Uztarria.eus 2010ko urr. 22a, 22:10

Bihar, larunbata, egingo dute, 19:00etan hasi eta plaza Nagusitik abiatuta

Espainiako Poliziak gaur egindako atxiloketen ondoren deitu dute martxa

Azken albistea (urriak 23, 19:55). 350 lagun bildu dira manifestazioan

Espainiako Poliziak hamabost gazte atxilotu ditu gaur, Segi erakundearen zuzendaritza berria sortzeko ahaleginak leporatuta. Atxiloketa horien harira, Azpeitiko ezker abertzaleak manifestazioa deitu du. Bihar, larunbata, egingo dute manifestazioa, 19:00etan hasi eta plaza Nagusitik abiatuta, Prozesu demokratikoa, euskal gazteria aurrera! leloarekin.

"Prozesu demokratikoa eta euskal gazteria babestu eta bultzatzeko" asmoarekin deitu dute, hain zuzen ere, biharko manifestazioa. "Atxiloketa hauek argi erakusten dute PSOE eta PP alderdiek Euskal Herrian irekitzen ari den aro politikoa eta ilusioa zapuztu nahi dutela", diote ezker abertzaletik, baina "euskal herritarrek prozesu demokratikoa nahi dutela argi" dute, eta horretarako "ezinbestekoa" ikusten dute herritarrek prozesu horri babesa adieraztea.

Ezker abertzalearen manifestaziorako deialdia osorik irakur daiteke hemen.