75 gidari izango dira igandean Urrakiko XXVIII. Igoeran

Urola Kostako Hitza 2010ko urr. 22a, 18:10
Iñaki Alberdi izango da parte hartuko duten azpeitiar gidarietako bat

.10:00etan hasiko da Lagun Artea Eskuderiak antolatutako mendi denboraldiko azken lasterketa

Parte hartuko duten 75 gidarietatik 16 izango dira azpeitiarrak

Etzi, igandea, jokatuko da Euskal Herriko eta Gipuzkoako Mendi Txapelketako azken proba izango dena, Urrakiko XXVIII. Igoera, Lagun Artea Eskuderiak antolatuta. 75 gidarik hartuko dute parte bertan. Bihar arratsaldean, 16:00etatik aurrera egingo dira egiaztatze tekniko eta administratiboak Epaitegi plazan eta Garoa kafetegian, hurrenez hurren eta etzi 10:00etan entrenamenduak egin ostean egingo dira azken sailkapena osatzeko balioko duten bi saio ofizialak. Ireki berri den Sagasti Zahar jatetxean amaituko da proba, 14:00ak inguruan, sari-banaketarekin.

Faborito garbirik ez

Ez dago igandeko proban garaipenerako faborito argirik. Izan ere, jadanik txapeldun den Aitor Zabaleta bergararra ez da Urrakin izango eta, beraz, Aritz Egozkue, Ruben Nogueiras, Alberto Alonso eta Iñaki Alberdi dira aukera gehien dituztenak. Alberdi azpeitiarrak proba ona egiteko itxaropena du, bere Porsche 911 GT3an abiadura-kaxarekin izan dituen arazoak konpondu ondoren.

Alberdirekin batera, CM txikien artean dago Aitor Ramirez pilotua eta honek ere baditu garaipenerako aukerak bere BMW 320arekin.

Ruben Nogueiras bigarren da momentuz Euskal Txapelketako sailkapenean eta Urrakin Silver Car S2 autoarekin ariko da. Aritz Egozkue, Estatuko Mendi Txapelketan ohiko dena, Nogueirasen antzeko autoarekin aterako da. Alberto Alonso, bere aldetik, Speed Car GT 1000 batekin jardungo da. Aipatzekoa da Xabier Beloki Minda pilotu azpeitiarrak tankera honetako auto bat alokatu duela etxeko lasterketarako, BRC 1000 bat, hain zuzen.

Turismoen artean izango diren beste gidari esanguratsu batzuk ere ariko dira: Iban Trasicio Escort Cosworth autoarekin eta BMW M3 autoarekin aterako diren Joxe Labaka, Joseph Duperou, Iraitz Orbegozo Kortaberri eta Aritz Iriarte Iertza, esaterako.

Historikoen mailan ere hainbat ibilgailu izango dira Urrakin etzi: Josemi Gabilondo Alpinearekin, Rafa Diaz Pulido Simca Rallye II autoarekin, Migel Otaegi BMW 635 CSIarekin, Pedro Anton eta Javier Mur Opel Kadett GTekin eta Jesus del Fuente eta David Leon Seat 124 banakin.

Parte hartuko duten 75 gidarietatik 16 izango dira azpeitiarrak. Gustura agertu dira kopuru horrekin antolatzaileak, "harrobia luzerako dagoela" dirudielako.

Mendia garbi mantendu

Aurten ere antolatzaileek dei berezia egin diete etzi Urrakin izango diren zaletuei bideko komisarioek emandako agindu eta jarraibideak errespeta ditzaten. Autoak behar bezala aparkatuta uzteko eskatzeaz gain, arriskutsu bezala seinalatutako puntuetan ez jartzea gomendatzen dute, proba arazorik eta ezbeharrik gabe jokatu ahal izateko.

Bestalde, mendia garbi eta txukun mantentzeko eskatu diete ikusleei, eta aurreko urteetan bezala, sortzen dituzten hondakinak errepidearen ondoan uzteko eskatu diete, zaborra jaso behar duten langileei lana errazteko.