Aitor Gorostola: "Harrituta gaude tifoi honek izan duen oihartzunarekin"

Uztarria.eus 2010ko urr. 22a, 12:10

Asteartetik Manilan dago Gorostola Megi tifoiaren eraginez

Uztarria.com-ek Gorostolarekin hitz egin du

Aitor Gorostola (Azpeitia, 1989) Manilan dago egunotan, Megi tifoiak Filipinetako Santa Ana de Cagayan eta Isabela zonaldeak astindu zituelako astelehenean. Filipinetan gertatu dena nola bizi duen kontatu dio Gorostolak Uztarria.com-i:

Zer moduz zaude?

Ni ondo nago, baina harrituta gaude tifoi honek izan duen oihartzunarekin. Ez da pasatzen dugun lehenengo tifoia-eta. Gu bizi garen lekutik urruti pasatu zen tifoiaren muina, nahiz eta arrastoak utzi inguruetan.

Zer gertatu zen?

Goizean argindarrik gabe esnatu ginen, eta orduan ikusi genituen kanpoan palmondoak-eta erorita. Argindar poste batzuk ere erorita zeuden. Tifoiaren aurreko egunetan haizete handia izan zen, baina ekaitz baten antzerakoa. Gauean, frontoitik bueltan, haizeak beste indar bat zuela konturatu ginen, baina ez genuen uste frontoiko sabaia altxatzeko adinakoa izango zenik. Hurrengo egunean, etxea eta inguruak urak hartuta zeuden.

Ezusteko handia hartu al zenuen?

Guk bizi izan duguna ez da ezer berezia izan. Haize gogorra zegoen, baina beste guztia normal zegoen. Pentsa, arratsaldean, haizea zertxobait baretu zenean, kokoak biltzen ibili ginen. Ezustea, frontoia nola gelditu zen ikustean hartu genuen.

Zuen herria zein egoeratan dago?

Egia esan, ezin dut askorik esan. Ez gara herriaren erdigunean bizi eta pilotalekutik etxera joaten garenean ez gara handik pasatzen. Hala ere, argindar posteak eta palmondo ugari zeuden erorita. Gainera, herriaren zati handi bat urak hartutan zegoen.

Eta, frontoia?

Gure inguruan, frontoiak jasan du kalte gehien. Herriko eraikin altuena da pilotalekua eta haizeak sabaiaren erdia altxatu zuen. Eraikin barruko sabai guztiak puskatuta edo lurra jota daude, eta urez gainezka dago dena.

Konponketak hiru asteren bueltan, hilabeteren buruan, egitea aurreikusten dute. Baina, hemen lanak egiteko duten erritmoa ikusita, ez zait iruditzen hiru astean bukatuko dituztenik.

Orain Manilan zaude. Noiz arte?

Asteartean iritsi ginen eta konponketak amaitu artean hemen egon behar dugu. Hala eta guztiz, argindarra jartzen digutenean Santa Anara itzuliko gara.

Nola joan zarete Manilara?

Tifoia pasatu ondoren, asteartean, etorri ginen Manilara, eta elektrizitaterik gabe geundelako ekarri gintuzten. Hasieran, Master Jai enpresak autobusa jarri zigun hona etortzeko, baina 16 orduko bidaia egin behar genuela-eta, hegazkina hartu genuen. 55 minutuko bidaia egin genuen eta momentu hartan beldurra pasatu nuen: alturan ibiltzeak graziarik ez, turbulentziak...

Tifoia alde batera utzita, zer moduz pilotan?

Ondo, kinielak jokatzen dituzte hemen, eta funtzioko bost kiniela izaten dira. Hori dela-eta, entretenituta ibiltzen gara.

Gustura al zaude?

Orokorrean, bai. Badaude hobetzeko moduko gauzak, baina orokorrean gustura nabil.

Partida asko jokatzen al dituzue?

Nik dexente jokatzen ditut. Eta jokatzen ez dudanean epaile lanak egiten ditut askotan. Frontoian ordu asko pasatzen ditut, baina badira ni baino ordu gehiago pasatzen dituzten pilotariak.

Nolakoa da zure horko egun bat?

Aspergarria. Jaikitzerako 13:00ak izaten dira, eta bazkaria eginda baldin badago ondo, bestela bazkaria prestatu behar. Partida baldin badaukagu 19:00etarako frontoian egon behar izaten dugu, eta handik 02:00ak jota bueltatzen gara. Jokatzen ez dugun egunetan, hondartzara joan edo Play Stationean ibiltzen gara. Egunerokoa nahiko aspergarria da.