laSextako 'Salvados' Loiolan izan da, 2006ko negoziazio politikoak hizpide hartuta

Uztarria.eus 2010ko urr. 20a, 20:10

Imanol Murua Uria Loiolako hegiak liburuaren egilea elkarrizketatu du gaur; besteak beste, Arrupe Etxean

Gaiari buruzko saioa azaroaren 7an botako dute telebistako programa ezagunean

laSexta Espainiako telebista kateko Salvados saio ezaguneko aurkezle Jordi Evole eta kameralariak-eta Loiolan izan dira gaur, Imanol Murua Uria kazetariarekin PSE-EEk, Batasunak eta EAJk 2006an han izandako elkarrizketez hitz egiten. Muruak aurtengo martxoaren 10ean negoziazio haiei buruzko liburua argitaratu zuen —Loiolako hegiak—, eta uztailean gaztelerazko bertsioa atera zuen.

PSE, Batasuna eta EAJ jesuiten Arrupe Etxean aritu ziren hizketan, eta gaur bertan izan dira Salvados-ekoak saioa grabatzen, baita ETAk Loiolan Inazio Uria enpresaburua hil zuen tokian ere.

Azaroaren 7an botako dute gaiari buruzko saioa laSextan. Igandetan izaten da programa, 21:25etik aurrera. Egunotan, besteak beste, Martxelo Otamendi Berria-ko zuzendaria ere elkarrizketatuko du Euskal Herriko egoera politikoaz.

Berria.info izan zen Arrupe Etxeko negoziazio mahaia-eta erakusten aurrena. Martxoaren 6an egon zen han, Muruarekin batera, eta 23 minutuko bideo-erreportajea egin zuten.

Akordioa lortzear izan ziren

PSEk, Batasunak eta EAJk hamabi bilera sekretu egin zituzten Loiolan 2006ko irailaren 20tik azaroaren 15era artean, Arrupe Etxean. Helburua: euskal gatazka politikoa konponbidean jartzea. Loiolan bost korapilo askatu behar zituzten: nazio izaera, erabakitzeko eskubidea, aitortu beharreko beste eskubideak, lurraldetasuna eta akordioa gauzatzeko prozedura. Akordioa lortzear egon ziren.