Bikoteak abiatzeko prest

Urola Kostako Hitza 2010ko urr. 18a, 11:10
Lasterketaren antolatzaileek joan den ostiralean aurkeztu zituzten aurtengo probaren nondik norakoak. (Nerea Uranga)

Hilaren 30ean jokatuko dute Ikasberriren II. Kros Mixtoa

Aurtengo ibilbideak aldaketa batzuk izan ditu

Lasterkarien aldetik iaz izandako harrera ona kontuan hartuta, Ikasberri Kirol Elkarteak Kros Mixtoa antolatu du bigarren urtez, Udaleko Kirol Sailaren babesarekin, eta bi aste barru jokatuko dute, urriaren 30ean. Aurten ere Euskal Selekzioaren aldeko lasterketa izango da eta, horrekin batera, datorren urtean Kilometroak Azpeitian ospatuko dutenez, ikastolen festen aldekoa ere izango da. Halaxe azaldu zuten antolatzaileek ostegun arratsaldean eginiko aurkezpen ekitaldian. Bertan, Ikasberri Kirol Elkarteko Jon Garaterekin eta Ikasberri Azpeitiko Ikastolako Roman Azkuerekin batera, ESAITeko kide Martxel Toledok, Udaleko Kiroletako batzordeburu Julian Kortajarenak eta iazko irabazle Nerea Amilibia eta Xabier Roteta bikoteak hartu zuten parte .

Hainbat berrikuntza

Garate arduratu zen lasterketaren nondik norakoen eta aurtengo berrikuntzen berri emateaz. Lasterketaren irteera desberdina izango da aurten: herriko plazatik abiatuko dira korrikalariak, 18:00etan, baina Erdi kale aldera beheraka irten beharrean, goraka izango da irteera, plazatik Errebal aldera. Horrez gain, iaz baino 300-400 metro gehiago izango ditu ibilbideak: 6,7 kilometro, zehatz-mehatz. Herrian egiten ari diren lanengatik egin behar izan dituzte aldaketak. Edonola ere, ibilbidea "erraza eta laua" dela azaldu zuten. Gainera, "aurten ibilbidea gehiago gerturatu dugu herrira, erdigunera".

Lehen urtean bezala, txiparekin hartuko dituzte denborak. Dutxak eta motxilak uzteko tokia Izarraitz pilotalekuan egongo dira, plazatik oso-oso gertu, eta 16:30etik aurrera jarriko dituzte korrikalarientzako erabilgarri. Era berean, ludoteka zerbitzua eskainiko dute Iturri Txikin, 4 urtetik 7 urtera bitarteko haurrentzat. Ludoteka 17:30etik 19:00etara egongo da zabalik, eta bi hezitzaileren zaintzapean egongo dira umeak. Era horretan, lasterka irten nahi duten eta haurrak dituzten bikoteei aukera berri bat eman nahi diete. Bestalde, herritarrak ez direnek Soreasuko lur azpiko aparkalekuan utzi ahal izango dute autoa, han aparkatzea lehen ordu eta erdia doan baita.

Izena ematea eta sariak

Lasterketako parte-hartzaileen artean 60 saritik gora banatuko dituzte. "Herriko hainbat merkatariri eskerrak eman beharrean gaude, haiek emandako hainbat sari parte-hartzaileen artean zozkatzeko aukera izango dugulako", adierazi zuen Garatek. Horiez gainera, lehen bikote irabazleak, lehen azpeitiar bikoteak eta parte-hartzailerik adinekoenak sariak jasoko dituzte.

ESAITeko kideak, bere aldetik, Euskal Selekzioaren alde antolatu izana eskertu zuen. "Horrelako gonbidapenak oso gustura hartzen ditugu, guretzako horrelako kirol ekitaldi herrikoiak bereziak eta garrantzitsuak direlako. Espero dugu iaz bezala bikote askok parte-hartzea eta kirol ekitaldi polita izatea".

Parte hartu nahi duten bikoteek aurrez 20 euro ordaindu beharko dute eta, egunean bertan, berriz, 30 euro. Izena honako tokietan eman daiteke: Azpeitiko Aradi Kirolak, Aitzaki Kirolak eta Mugi Kirolak dendetan, Azkoitiko Plaza Berri Sport-en, Zarauzko NereSport-en eta, Internetez, www.herrikrossa.com atarian.

Iazko txapeldunak, duda

Nerea Amilibia aiarrak eta Xabier Roteta zarauztarrak osatutako bikoteak irabazi zuen Ikasberriren lehen lasterketa, eta aurten ere gustura aterako liratekeela onartu zuten. Baina, astebete lehenago, Malaysian jokatuko duten mendi lasterketetako munduko kopako azkeneko proban izango da Amilibia, eta zalantzak ditu: "Hala ere, izena emango dut eta ahalegin guztiak egingo ditut Azpeitin parte hartzeko". Malaysian 21 kilometroko proba korrituko du, 1.800 metroan hasi eta 4.100 metroko altueran helmugaratzeko.