Bost talde gehiagok hartuko dute parte 2011ko helduen danborradan

Urola Kostako Hitza 2010ko urr. 15a, 12:10
Iaz San Sebastian bezperan helduen danborrada parrokia aurrean.

Dagoeneko proposamenak biltzeko afari-bilerak egiten hasita daude taldeetako ordezkariak

Loiola Bide Zahar, Loiolatxo, Zulo Zabal, Ollagorra eta Oñatz izango dira talde berriak

2011ko San Sebastian bezperako helduen danborrada desberdina izango da. Zalantzarik gabe, halabeharrez aldaketak izango ditu. Baina erabakitzeko eta ikusteko dago nola aldatuko den. Datorren urteko San Sebastian bezperako helduen danborradan bost talde berrik irtengo dute: Loiola Bide Zahar elkartea, Loiolatxo elkartea, Zulo Zabal elkartea, Ollagorra eta gastadoreek aterako dute danbor-jotzaileen taldea.

Beraz, guztira 26 danbor edo upel talde eta gastadoreak izango dira danborradan; denera 27 talde. Herriko plazan denentzat tokirik ez dela izango esan nahi horrek, edota denak sartzekotan, danborrada ikustera joaten den jendearentzat lekua murriztu beharko dutela; eta parrokiaren aurrean, zer esanik ez: lehen talde batzuk pilotaleku, Elizkale eta Perez Arregi plaza aldera jarri behar izaten zuten, parrokia atarian ez direlako sartzen.

Dagoeneko talde guztien parte hartzea nola izan daitekeen aztertzeko eta proposamenak mahai gaineratzeko lehen afari-bilera egin dute danborradako taldeetako ordezkari batzuk. Joan den hilean Basazabal elkartean bildu ziren afaltzeko.

Danborradako batzordean parte hartzen duten batzuen ekimenez deitu zuten bilkura; Barratsu danbor taldeko zuzendari Juan Jose Arakistain Pino izan zen horietako bat. "Lauzpabost lagun elkartu ginen eta danborradako taldeen ordezkariekin afari bat antolatzea erabaki genuen. Hala, Basazabal elkartean bildu ginen, hemezortzi lagun guztira. Afaldu ondoren, proposamen batzuk bota zituen jendeak", azaldu du. Udaleko ordezkari gisa, Festa batzordeburu Jabier Altuna ere han izan zela aipatu du Arakistainek.

Hil honen bukaeran berriro biltzekotan gelditu dira. "Orain ere afari-bilera izango da. Nik uste dut udaletxean biltzen garenean baino lasaiago hitz egiten duela jendeak elkarte batean bildutakoan. Aurrekoan hala iruditu zitzaidan niri, behintzat". Hurrengo hitzorduaren berri emateko Udaletik takdeetara gutun bat igorrik dutela azaldu du Arakistainek. "Hurrengo afari-bilera Zokoa elkartean egitekotan gelditu ginen, eta talde bakoitzari Udalak bidaliko dio hara joateko deia".

Urtero, azaroan edota abenduan, hurrengo urteko helduen danborrada antolatzen hasteko bilera egin ohi dute danborradako batzordea osatzen dutenek. Baina beste urteetan udaletxeko areto nagusian bildu izan dira, Udaleko Festa Batzordeak deituta. Aurten, ordea, aurretik danborradako batzordekide batzuen ekimenez festa handia antrolatzeko biltzen hasi dira.

Deialdia martxoan

Udaleko Festa Batzordeak, joan den martxoan, datorren urteko sansebatianetako helduen danborradan irten nahi duten talde berriek izena emateko epea ireki zuen. Hilabetez egon zen epea zabalik, martxoaren 1etik 31ra. Deialdia bost urtetik behin egiten da, hala jasotzen baitu San Sebastian festetako helduen danborradako agintarauak.

Danborradako agintaraua 2003ko urtarrilaren 16an onartu zuen Azpeitiko Udalak. Garai hartako Udalbatza osoaren gehiengoa lortu zuen.

Talde berriek izena emateko orduan zehaztu behar dituzte, besteak beste, taldeko arduradunaren datuak, talde moduan entitatea dutela frogatzen duen dokumentazioa, partaide kopurua eta janzkera.

Talde berriak onartu edo ez, azken erabakia Azpeitiko Udalak hartzen du. Dagoeneko, aurten izena eman dute bost talde berriak onartu ditu Udalak eta datorren urteko San Sebastian bezperan danborra jotzen irteteko aukera izango dute. Gainera, bakoitzak upela edo danborra joko duen ere erabaki dute.

Talde batzuk arropak egiten ari dira eta beste batzuk, berriz, dena prest dute. Loiola Bide Zahar taldeak, esaterako, iaz San Sebastian Eguneko bandera jaitsieran irten egin zuen danborra jotzen.

San Sebastian bezperako helduen danborradako talde berrienak Basozabal eta Ziripot dira; 2008an irten zuten aurrenekoz.

Herrian 1959ko San Sebastian bezperan irten zuen aurreneko aldiz helduen danborradak. Urteak aurrera, gero eta talde gehiagok irten du. Agintarauak hala dio: "Helduen danborradak eboluzionatu egun du eta antolamenduari eta bolumenari dagokionean hazi egin da". Antolaketa beharrei aurre egiteko sortu zuten agintaraua.

Helduen danborradako taldeak

Talde berriak: Loiola Bide Zahar, Loiolatxo, Zulo Zabal, Ollagorra eta Oñatz (gastadoreen danbor taldea).

Lehengo taldeak

Gastadoreak, Itsasi, Harkaitza, Amnistia Taldea, Arrantzaleak, Gure Ametsa, Ardozaleak, Mendizaleak, Barratsu, Zezenzaleak, Barrenetxea, Oilo Soro, Irrintzi, Txalintxo, Arauntza, Sanjuandegi, Izarraitz Txoko, Zokoa, Basazabal, Ziripot, Landeta eta Alkartasuna.