Uztarria Kultur Koordinakundea, "esperientzia eredugarri"

Uztarria.com 2010ko urr. 18a, 16:10

Huhezi Fakultatearen Euskal Kulturgintzaren Transmisioaren 3. Graduondokoan hitzaldia emango du Enekoitz Esnaola Uztarriako kide ohiak, otsailean

Laxaro Azkune eta Imanol Lazkano bertsolaritzaz ariko dira datorren hilean

Uztarria Kultur Koordinakundeak (1998-2008) bere ibilbidea azalduko du Huhezi Mondragon Unibertsitateko Fakultatearen Euskal Kulturgintzaren Transmisioaren 3. Graduondokoan. Hitzaldia emango du 2011ko otsailaren 23an, Eskoriatzan. Oinarrigintza. Esperientzia eredugarriak izenburua eman dio Huhezik saioari.

Enekoitz Esnaolak hitz egingo du Uztarria Kultur Koordinakundearen izenean eta, harekin batera, Huhezik hautatutako beste esperientzia batzuetako kideak ere mintzatuko dira. Elkarteen artean, esaterako, Euskal Herria Zuzenean musika jaialdia eta Kulturola Hernaniko taldea.

Beste hizlari batzuk: Joxan Artze, Aizpea Goenaga, Andoni Egaña, Ramon Saizarbitoria, Joan Mari Torrealdai, Kirmen Uribe eta Joxerra Gartzia, besteak beste.

Huheziren helburuak

Urriaren 13an hasi ziren hitzaldiak —2011ko ekainera arte iraungo dute—, eta Huheziren helburua "euskal kulturgintzari buruzko jakintza corpus batean bildu eta belaunaldi gazteei transmititzea da".

Hala, kulturgintzaren transmisioan izandako estrategia eta esperientzia partzialak azalduko dituzte Euskal Kulturgintzaren Transmisioaren 3. edizioan.

Ikerketa

Joan den otsailean Lorea Agirre Huheziko ikastaroetako arduradunetakoak Iban Arregi eta Enekoitz Esnaola Uztarriako kide ohiak elkarrizketatu zituen. Beste 126 elkarrizketa ere egin ditu Huhezik, eta urriaren 6an aurkeztu zuen azterketa, Villabonan. Bi txosten azaldu zituen: Kultur bizitzaren azterketa kualitatiboa Gipuzkoan eta Euskal kulturgintzaren estrategiak garatzeko oinarriak. Aurkezpen hartan izan zen Esnaola.

Villabonako saioa barne mailakoa izan zen. Txostenok ez dituzte oraindik publiko egin.

Laxaro Azkune eta Imanol Lazkano, bertsolaritzaz

Laxaro Azkune eta Imanol Lazkano herrikideek ere hitz egingo dute Huheziren Euskal Kulturgintzaren Transmisioaren 3. Graduondokoan. Datorren azaroaren 10ean izango da haien hitzaldia eta, Testigantzen bidezko formazio-aren atalean, Bertsolaritza. Hogei urteko estrategia mamitua izango dute hizpide Azkune gai-jartzaileak eta Lazkano bertsolariak. Egaña bertsolaria izango dute lagun.

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea da Huhezi.