Garagardo Azokak "arrakasta itzela" izan du, jan-edan guztia agortuta

Urola Kostako Hitza 2010ko urr. 14a, 10:10
Garagardo Azokako irudi bat.

"Bai lanean jardun dutenek, bai azokara etorri den jendeak erantzun paregabea eman du", diote Iraurgikoek

Garagardo azokako argazki bilduma ikusteko egin klik hemen

Joan den ostegunetik astelehen goizaldera bitartean egin zuten Azpeitiko II. Garagardo Azoka, azoka plazan. Iaz bezalaxe, aurten ere Iraurgi Saskibaloi Elkarteak eta Azpeitiko Bertan Merkatari Elkarteak antolatu dute, Udalaren babesarekin. Iaz baino azoka egun bat gehiago izan da aurten, eta hasiera-hasieratik izan du arrakastea. "Dena agortu da, edatekoa, txarroak, txartelak... Izugarria izan da. Jendea gogoarekin zegoela bagenekien aurretik, galdezka jardun zaigulako, baina beldurtzekoa izan da", zioen atzo Jose Migel Etxaniz Iraurgi Saskibaloi Elkarteko kideak. Oraindik kontu guztiak ateratzeko dituzte antolatzaileek. "Bilera bat egingo dugu, huts egiteak eta datorren urterako proposamen berriak jasotzeko".

Garagardo Azokak izan duen harrerarekin harrituta daude antolatzaileak: "Erantzuna ona izan da, hobea ezin da izan. Bai azokara etorri den jendearen aldetik, bai bertan lanean jardun dutenen aldetik. Denek primerako erantzuna eman dute". Larunbata izan zen jendetsuena, baina igande iluntzean eta astelehen iluntzean ere giro paregabea izan zen azoka plazan. "Aukeratu ditugun musika taldeekin ere asmatu egin dugu aurten, eta jendea gustura ibili da", diote.

Azokan lagundu dutenek ere gogotik egin dute lan; 17:30ak alderako gauzak prestatzen hasten ziren azoka plazan. "20:00etan zegoen jarrita irekitzeko ordua, baina bai larunbatean, bai igandean 18:00etarako jendea eskean etorri zen". Bestalde, datorren urtean arratsaldetan haurrentzako zerbait antolatzeko aukera ere aztertzekotan gelditu direla dio Etxanizek.

Datu batzuk

2.000 pitxar. Zerbeza pitxarrik gabe gelditu dira aurten. Iaz baino 500 gehiago ekarri dituzte eta agortu egin dira. Bi mila pitxar banatu dituzte.

Jatekoa. Txerri ukondo guztiak saldu dituzte. Iaz baino 200 gehiago ekarri dituzte eta astelehenean batere gabe gelditu ziren. Guztira 900 ukondo saldu dituzte. Saltxitxak pare bat dozena gelditu zaizkie soberan.

Edatekoa. Kontu guztiak atera gabe dituzte, baina iaz baino %35-50 gehiago edan dela aurreikusten dute. Astelehenean zerbeza dena agortu zitzaien.

Garagardo azokako argazki bilduma ikusteko egin klik hemen