Odol Emaileen Elkarteak igande honetan egingo du urteko Batzar Nagusia

Uztarria.eus 2010ko urr. 13a, 13:10
Iazko batzarra ere Loiolan egin zuten odol emaileek.

Odol emaleak 11:45ean elkartuko dira, Loiolan

Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak Azpeitiko 32 herritar omenduko ditu

Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak Azpeitiko 32 herritar omenduko ditu igandean, urriaren 17an, Urola Kostako Odol Emaileen Elkarteak Loiolan egingo duen Batzar Nagusiaren baitan. Urtero moduan, Odol Emaileen Elkarteak 25, 40 edo 50 odol-emate egin dituzten Urola Kostako bizilagunak omenduko ditu: 25 azpeitiarrek eman dute 25 aldiz odola, 40 aldiz bik eta 50 aldiz hiruk. Kontxi Juarista eta Juan Jose Azpiazuk oroigarri berezia jasoko dute 75 aldiz baino gehiagotan eman dutelako odola.

Eguneko Egitaraua

11:45ean elkartuko dira odol emaileak Loiolan. 12:00etan, meza izango da Loiolako Basilikan eta, segidan, diploma eta oroigarri banaketa egingo dute Gogartetxean. 14:30ean, lagunarteko bazkaria egingo dute Loiolako Kiruri Jatetxean. Bazkalondoan, musikarekin eta dantzarekin gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.

Hileko azken asteazkenetan, zita

Hileko azken asteazkenero odola emateko aukera egoten da anbulatorioan. Elkartekok dei berezia egin nahi diete gazteei: "Gazteek odola ematera animatu behar dute, gaixo asko zain baitago". Horrez gain, iraileko odol ematea "oso ona" dela jakinarazi dute, 106 herritar joan baitziren odola-ematera.