Izarraitz-Azkunen etxeak egitea lehenesten dela-eta, kezka du ezker abertzaleak

Urola Kostako Hitza 2010ko urr. 11a, 12:10

Corrugadoseko labeak dauden gunea eraberritzea aukera estrategikoa eta bultzatu beharrekoa dela uste dute

Plan Orokorraren prozesuaren, proposamenen, jarreren eta edukiaren gainean "gardentasun handiagoa" eskatu dute ezker abertzalekoek

Azpeitiko herriaren antolaketarako Plan Orokorra erabakitzen ari dira Udalean, orain dela urtebete pasatxotik. Plan Orokorraren aurrerapena uda aurretik argitarau zuen Udalak, eta joan den hilaren 20ra arte iradokizunak edota proposamenak egiteko aukera egon da. EA alderdiak eta EAJko herriko batzordeko kideek iradokizun batzuk aurkeztu dituzte. Eta horien aurrean kezka agertu du Azpeitiko ezker abertzaleak. Beste alderdiak aurkeztu dituzten proposamenetan Izarraitz-Azkune gunea (Esklaben aldeko eremua) etxebizitzak eraiki ahal izateko hiritartzearen alde agertzen dira, eta Corrugadoseko labeak lekuz aldatzearen alde ere egiten dute, baina epeen inguruan zalantzak agertuz. Ezker abertzaleko udal ordezkariek proposamenetan Izarraitz-Azkune gunea lehenesteko jarrera antzeman diete.

Orain Plan Orokorraren aurrerapenaren gainean aurkeztutako iradokizunak aztertzeko garaia da. Eta, segidan, proiektu nagusiak definitzen hasteko garaia izango du Udalak.

Azpeitiko ezker abertzaleko hautetsien ustez, Corrugadoseko labeek gaur egun hartzen duten lur eremua eta Izarraitz-Azkune gunea, biak batera, etxebizitzarako hiritartzea ez da beharrezkoa. "Datozen urteetarako badaude etxebizitzak eraikitzeko guneak, eremu berrien bila Loiola aldera joan gabe". Haien ustez, Loiola aldea etxez betetzea "ez da beharrezkoa eta ezta egokia ere".

Corrugadosekoak lehentasuna

Ezker abertzalekoen iritziz, Corrugadoseko labeen gunea eraberritzeko apustua "aukera estrategikoa eta lehentasunezkoa" da herriarentzako. Labea erdigunetik aterata "herriak arnasa" hartuko duela diote. "Bestalde, sektore produktibo garrantzitsuak herrian mantendu eta etorkizuna bermatzeko erronka da".

Corrugadosen labeak hartzen duen toki hori Udalak bultzatu beharreko gunea dela uste dute: "Proiektu handia denez, zailtasunak gainditzeko jarrera hartu behar da, eta ez eragozpenak ikustearena".

Baina etxebizitzak eraikitzeko lehentasuna Izarraitz-Azkune guneari emanda, Corrugadoseko gunea eraberritzeko arazoak sortuko dira, ezker abertzalekoen ustez. "Datozen 10-15 urtetotan ez baitago hainbeste etxe merkaturatzeko aukerarik, eta Izarraitz-Azkunen ehunka etxe eginda Corrugadoseko labea lekuz aldatzea atzeratuko luke", hautetsi independentistek diotenez.

"EAJk jarrera argitu behar du"

Ezker abertzalearen arabera, "EAJk jarrera argitu behar du", 2007an EAJk Izarraitzpeko eremuan etxeak egitea baztertu eta Corrugadoseko gunearen alde egin zutelako. "Orain arte EAJk Udalean defendatu duen jarreran aldaketa nabarmena gertatu da. Zergatik jarrera aldaketa hori, Lasaoko lanak orain hiru urte baino aurreratuta daudenean?", salatu dute ezker abertzalekoek.

Plan Orokorraren prozesuaren, proposamenen, jarreren eta edukiaren gainean "gardentasun handiagoa" eskatu dute ezker abertzalekoek. "Herritarrek informazio eta gardentasun handiagoa merezi dute. Urtebetean EAJk ez du argitu jarrera gai estrategiko hauekiko". Herriko antolaketa eta etorkizunean herriak izango duen bilakaera sozioekonomikoa jokoan dagoela uste dute ezker abertzalekoek.