Imanol Elias Odriozola herriko ohorezko kronista izendatu du Udalak

Urola Kostako Hitza, uztarria.com 2010ko urr. 8a, 21:10
Julian Eizmendi alkateak oroigarria eman zion Imanol Eliasi udalbatzarrean (NEREA URANGA)

Udalbatzak aho batez hartu duen erabaki honekin, azpeitiar historialariak egindako lana aitortu nahi izan du

Erabakia hartu ondoren oroigarri bat jaso zuen Imanol Eliasek Julian Eizmendi alkatearen eskutik

Egindako lana aitortuz eta eskertuz eta emandako laguntza guztiagatik, Imanol Elias Odriozola herriko ohorezko kronista izendatu du Azpeitiko Udalak. Atzoko (osteguna, urriak 7) udalbatzarrean aho batez hartu zuten erabakia EAJk, hautetsi independentistek, EAk eta Aralarrek.

Kronista ofizial izendatuta, orainarte Azpeitiari buruz idatzitako eta egindako lana aitortu eta eskertu nahi izan dio Udalak Eliasi. Erabakia hartu ondoren oroigarri bat jaso zuen Imanol Eliasek Julian Eizmendi alkatearen eskutik, udaletxeko udalbatzar aretoan bertan. Hemendik aurrera ere laguntzeko prest dagoela azaldu zien udal ordezkariei Eliasek.

Kronista ofizial izendatzeko erabakia bozkatzeko orduan pleno aretotik kanpo egon zen Elias, baina behin erabakia hartu zutenean aretora sartu zen eta eskerrak eman zituen.

Imanol Elias Odriozola antzerki-egilea, antzerki zuzendaria, historialaria, Azpeitiko alkatea, idazlea eta irakaslea izan da, besteak beste. Uztarriak Imanol Eliasen biografia argitaratu zuen 2002an. Azpeitiko historiari buruzko hainbat liburu ere idatzita du Eliasek, hauek batzuk: Azpeitia historian zehar, Azpeitia. Gaztaroko kronikak, Azpeitiko efemerideak. Herria historian zehar, beste lagun batzuekin batera Azpeitiko zezen-plaza 1903-2003 eta Azpeitia, 500... azpeitiarrak eta herriarekin bat eginak.

Imanol Eliasek berak dioenez, "zerbait maitatzeko ezagutu egin behar da". Berak egin duena, herriaren eta herritarren historia aztertu, ikertu eta ezagutzera ematea izan dela dio, "ez besterik". Lan hori egiteko, ondoan lagun egokia izatea ezinbestekoa dela esaten du, eta horretan duen emaztearekin zortea izan duela. Hala, orainarte bezalaxe herriari buruzko datuak biltzen eta aztertzen jarraitzen du Eliasek, "zerbaitetan jarduten dugu, bai!.

San Agustinez egindako lana

Azkena egin duen azterlana Azpeitia eta Peruko Azpitia herriaren arteko lotura ikertzea izan da. Horren inguruko testua ere idatzita du dagoeneko. Baina, Azpeitiko herriaren eta udalaren mesedetan egindako lanen artean bat du une hauetan gogora ekartzeko: San Agustin herriak berreskuratzeko egindako datu bilketa. "San Agustin laster irekitzekoa den honetan, haren inguruan egindako ikerlana datorkit gogora", esan dio Eliasek Urola Kostako Hitza-ri.

San Agustin eliza herriak berreskuratzeko ahalegin horretan datu piloa bildu zuen Eliasek. "Garai hartan elizaren esku zegoen San Agustin, baina orduan alkate zen Jose Mari Bastida eraikina herriak berreskuratzeko mugitu zen, eta niri datuak eskatu zizkidan. Orduko abokatuak hala esan zidan, nik emandako datu haiei esker lortu zela elizak herriari San Agustin ematea", kontatzen du Eliasek. San Agustinen inguruko datuak biltzeko lan handia egin zuela dio, baina "oso interesgarria" izan zela. Gogoan du garai hartan, Loiola Irratira hiru azpeitiar joan zirela Azpeitiari buruz hitz egitera. Beste biak San Agustin eraikina elizarena zela ziotela, eta bera bakarrik gelditu zela herriarena zela defendatuz, "ordurako hori esateko datuak bilduta nituen ordea".

Azpeitiari buruzko lan guztiak herria eta herritarrak ezagutzeko grinarekin eginda ditu, eta atzo herriko kronista ofizial izendatu zuten.