"Enpresaren bideragarritasuna eta etorkizuna bermatzea" dutela helburu dio Corrugados Lasaoko zuzendaritzak

Uztarria.eus 2010ko urr. 8a, 20:10

"Enpresa Batzordeak inposaketaz hitz egiten duen bitartean, enpresa lehiakortasuna hobetzen saiatzen ari da", diote

Greba mugagabeak langileen artean duen babesa zalantzan jarri du zuzendaritzak

Greba mugagabean jarraitzen dute Alfonso Gallardo Taldeko Corrugados Lasao enpresako langileek. Aste honetan bertan langileek egoeraren gainean egindako adierazpenei erantzun nahi izan die enpresaren zuzendaritzak, ohar bidez. "Enpresa Batzordeak inposaketaz hitz egiten duen bitartean, enpresa lehiakortasuna hobetzen saiatzen ari da, negoziaketa irekita mantenduz eta helburu bakarrarekin, enpresaren bideragarritasuna eta etorkizuna bermatzea", dio zuzendaritzak.

Greba mugagabeak langileen artean duen babesa zalantzan jarri du zuzendaritzak: "Langile batzuek esan dutenaren arabera, enpresaren azkenengo eskaintzaren ondoren egin zen bilera batean, 19 bozka alde eta 18 aurka izan zituen bozketa bat egin zen eta greba mugagabean jarraitzea erabaki zen. Langile horiekin bat gatoz harriduraz, 70 laguneko plantila batetik 19 bozkarekin, hau da, %27arekin, greba mugagabe bat bezalako muturreko erabaki bat hartu izanarekin".

Enpresaren zuzendaritzak emandako datuen arabera, Corrugados Lasaok gaur egun 70 langile ditu -2005ean ehun ziren-, baina momentu honetan 53 dira Corrugados Lasaon bertan lanean ari direnak; beste 17 langile "utzita daude aldi batez, 2010eko abenduaren 31 arte, Corrugados Azpeitian". Lau urtean, 2005etik 2009ra, salmentak urteko 227.000 tonatik 97.000 tonara jaitsi direla ere plazaratu dute zuzendaritzatik. "Ondorioz, ekoizpen eta salmenta bolumenen murrizketa izan arren, enpresak ez du ez banakako edo taldekako kaleratzerik erabaki, ezin da lanpostuen murrizketa egon denik esan", nabarmendu dute.

Lan egutegia eta langileen batezbesteko ordainsari gordinaren datuak ere -"29.500 euro"- aipatzen ditu zuzendaritzak bere oharrean. Zuzendaritzaren esanetan, "ekoizpen berdineko fabrikatzaileena baino nabarmen handiagoa" da Corrugados Lasaoko langileen batezbesteko ordainsari gordina. "Enpresak 1.316 euro konpentsazio gisa eta 880 euro helburuei lotuta eskaintzen du, egutegi horri zazpi lan egun eranstearen truke, enpresaren biziraupena eta bere lehiakortasuna merkatuan helburutzat izanik".

Corrugados Lasaoko zuzendaritzak dio "lehenbailehen" jarraitu nahi dituela negoziazioak, eta "alde guztientzako akordio egoki bat" lortu nahi duela.