Independentziaren aldeko martxa berdera joateko autobusa antolatu dute

Uztarria.eus 2010ko urr. 8a, 14:10

Datorren asteartean, hilak 12, izango da martxa, Iruñean

Autobuserako izena Orkatzen eman behar da, eta asteartean Tren Museo ondotik 15:15ak inguruan abiatuko da

Datorren asteartean, hilaren 12an, Iruñean egingo den independentziaren aldeko martxa berderako autobusa antolatu dute. Martxa 17:00etan abiatuko da Golem zinema paretik Guk ere independentzia lelopean. Hori dela-eta, Azkoitiatik irtengo du autobusak 15:00etan Graphic's denda aurretik. Azpeitiko Tren Museo parera 15:15ak inguruan iritsiko da eta, handik, Zestoako gurutzera joango da 15:30erako. Autobuserako izena Azkoitiko Zakela, Azpeitiko Orkatz eta Zestoako Uztapide tabernetan eman behar da.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, "1810ean Espainiar Inperioaren menpeko Amerikako herri askok independetziaren bideari ekin, borrokatu eta independetzia nagusitzea lortu zuten. Aurten, Amerikako herri horietan independentziaren inguruko urteurrenak ospatzen ari dira". Hori dela-eta, "guk ere independetzia nahi eta lortuko dugula ozen aldarrikatzera joan behar dugu Iruñeara". Horrez gain, "urriaren 12an, inposatutako jai egunean, euskaldunok ez dugu arrazaren eguna, Guardia Zibilaren eguna, edo Espainiaren eguna ospatuko. Gutxiago Inperio espainiarraren eguna", azaldu dute antolatzaileek.

Antolatzaileek soinean zerbait berdea janzteko deia egin dute: "itxaropenaren orlegiz beteko ditugu biharko euskal errepublikaren hiriburuko kaleak".