Lan Mobel ISBk Andorra du gaurko aurkaria

Urola Kostako Hitza 2010ko urr. 8a, 11:10

Espero duten denboraldi gogorrari aurre egiteko jendearen babesaren beharra dutela azaldu dute Iraurgikoek

Gaur, ostirala, 21:00ean jokatuko du Lan Mobel Iraurgik etxeko lehenengo partida

Espainiako Zilarrezko LEB mailako lehen partida jokatuko du gaur Lan Mobel Iraurgik etxean, Azpeitiko kiroldegian. Andorra izango du aurkaria, 21:00etan hasiko den partidan.

Iraurgikoentzako zaleen eta herritarren babesa ezinbestekoa izango da, bai gaurkoan, bai estreinatu berri duten mailan. Hala diote Iraurgikoek: "Guk dugun aurrekontuaren bikoitza du talde askok. Andorra bera talderik gogorrenetako bat izango da".

Lan Mobel ISBk nahikoa aste pattala izan du: Mikel Azkue gaixo egon da; Reggie Brattonek ere azken bi egunetan ez du entrenatu; eta, Aritz Martinez, giharretako minez ibili da".

Denboraldiaurre bikaina egin du Lan Mobel ISBk. Baina, joan den astean denboraldiaren alde gogorrena ezagutu zuen, Errioxako taldearen kontra galduta. Beraz, ISBkoen alde positiboa kiroldegiko harmailak bete izana da: hau da, zaletuek ez diotela hutsik egiten. "Gure mailako beste taldeen partidak ikustera ez da horrenbeste jende joaten. Guk hori daukagu onena, zaletuen babesa dugula. Horixe esan nahi diegu zaletuei, nahiz eta aurrekontu txikia izan, etxeko partidak aurrera ateratzen saiatuko garela, baina horretarako jendearen babesaren beharra daukagu", azaldu dute Iraurgikoek.