Eskola kirolean dabiltzanen gurasoei zuzendutako kanpaina jarri dute abian

Urola Kostako Hitza 2010ko urr. 8a, 11:10
Kanpainaren irudia eta leloa.

Zaindu jarrerak! Eskerrik asko lelo hartuta, gurasoen jarreran eragin nahi du Eskola-kirol Kontseiluak

Gurasoen jarreran eragiteko kanpaina bihar bertan nabarmenduko da eskola-kiroleko partidetan, Azkoitian eta Azpeitian

Zaindu jarrerak! Eskerrik asko lelo hartuta, eskola-kiroleko ikasturte berriari ekin dio Azkoitiko eta Azpeitiko Eskola-kirol Kontseiluak. Eskola-kirolean aritzen diren haurren gurasoei dago zuzenduta kanpaina, hoien jarreretan eragitea baitu helburu. Bi herriotan eskola-kirolean mila haur aritzen da.

Azpeitiko eta Azkoitiko eskola-kirolakoek joan den asteburuan hasi zuten eskolarteko saskibaloi txapelketa. Urtarrilean, berriz, futbolaren txanda izango da. Eskola-kiroleko Programarekin batera garatu nahi dute martxan jarri duten kanpaina berria ere. Hala azaldu zuten atzo prentsaurrean, Azpeitiko Udaleko Kiroleko batzordeburuek, Kirol Kontseiluko ordezkariek eta Azkoitiko eta Azpeitiko udaletako kirol teknikariek.

Eskola-kiroleko lehiaketetan hainbat gurasok duten jarreraren ondorioz eztabaidak eta istiluak gertatzen direla-eta, aurrea hartu nahi dute agintariek. Hain zuzen ere, horixe da kanpaina honen xedea, eskola-kirola zertan datzan eta zein helburu dituen azaltzea gurasoei. "Askorentzat sinesgaitza izango den arren, eskola-kirolean asterokoa bihurtu da gurasoek seme-alabengan, epaileengan eta entrenatzaileengan sortzen duten presioa, irainak eta abar", azaldu dute eskola-kiroleko arduradunek eta antolatzaileek. Kirol praktikaren balore objektiboei edo emaitzei garrantzia gehiegi ematen zaiela esan dute. "Kirol-praktika, berez, ez da hezigarria, egoki bideratu eta irakatsi behar da. Horretarako, eta jardueraren baldintza hezigarriak bermatzeko, eskola-kirolaren eragile guztien lankidetza ezinbestekoa da; eta, horretan, gurasoek eragin handia dute", azpimarratu dute.

Bihartik hasita

Gurasoen jarreran eragiteko kanpaina bihar bertan nabarmenduko da eskola-kiroleko partidetan, Azkoitian eta Azpeitian. Entrenatzaileek haurrei pegatinak banatuko dizkiete, partidan elastikoetan erantsita eramateko. Hurrengo jardunaldian, berriz, haurren artean pegatinak banatuko dituzte gurasoei emateko eta hauek partida ikusten dutenean eransteko.

Horrez gain, eskola-kiroleko ekitaldiak jokatzen diren kirol azpiegituretan kanpainaren logoa eta leloa duten panelak jarriko ditu Eskola-kirol Kontseiluak. Kanpainaren arduradunek azaldu dutenez, kanpainak ez du iraupen finkorik izango.

Bi herriek eskola-kirolean duten partaidetza mailagatik Gipuzkoan "eredugarriak" direla esan dute Eskola-kirol Kontseilukoek. Baina, seme-alaben kirol praktikaren jarraitzaile bezala ere halakoxeak, eredugarriak, izan beharra dagoela esan dute, "eskola-kirolean benetako protagonistak umeak direlako eta ez gurasoak".