Pako Aristi: "Ez dit axola arrakasta izatea; barruan dudan mundua azaleratzea nahi dut idazterakoan"

Urola Kostako Hitza 2010ko urr. 8a, 11:10

Pako Aristi idazleak haurrei zuzendutako liburua kaleratu du

Familiaren eta trikitixaren gaiak uztartu ditu Nemesioren trikitixa izeneko liburuan

Haurrentzako ipuinak sortzen «oso eroso» sentitzen da Pako Aristi (Urrestila, 1963) idazlea eta kazetaria; umeen munduak asko erakartzen duela aitortu du. Elkar argitaletxearen eskutik, aste honetan kaleratu du haurrei zuzendutako hamalaugarren liburua: Nemesioren trikitixa .

Zer kontatzen duzu liburuan?

Trikitixa ikasten hasten den Nemesio izeneko ume baten istorioa jorratu dut; bere amarekin bizi den mutiko bat da protagonista. Aita ez dago etxean, eta amak ez dio ezer esaten aitari buruz. Amak Nemesiori trikitixa ikasten hasteko agintzen dio, eta hasiera batean, Nemesiok ez daki trikitixa gustatzen zaion edo ez. Hori da istorioaren abiapuntua, baina aurrera doan heinean, aldaketa batzuk sumatuko ditu etxean, eta Nemesio aldaketa horiek ikertzen hasiko da pixkanaka.

Zer gai jorratu dituzu?

Trikitixaren inguruan idaztea nahi nuen. Ez dago ia ezer trikitiaren munduari buruz idatzita eta betidanik iruditu izan zait gai polita jorratzeko. Horrez gain, gurasoen nahiak askotan obligazioa bihurtzen direla azaldu nahi izan dut liburu honen bidez. Maiz ez da errespetatzen umearen askatasuna, eta gurasoek beren frustrazioak estali nahi izaten dituzte seme-alaben bidez.

Zer dela eta erabaki duzu haurrei zuzendutako eleberria idaztea?

Azken urteetan umeentzako ipuin asko ari naiz idazten. Haurren mundua ikertzen duten liburuak irakurri ditut, horietako asko psikologoek eta soziologoek idatziak; horien psikologian sartzen eta ulertzen saiatu naiz. Neure haurtzaroaren bidez umeen eta gurasoen arteko harremanak zein diren ikusi ditut aldi berean; familia nukleoa oso arriskutsua izan daiteke. Horiengandik jasotzen dugu babesa eta maitasuna, baina buruhausteak ere sortzen dizkigute. Haurtzaroa bera ere asko aldatu da; orain askoz ere bakartiagoak dira haurrak, eta kalean baino etxean gehiago egoten dira. Halaber, badago inkomunikazio bat bi belaunaldien artean. Oso gai interesgarriak iruditzen zaizkit horiek, eta horregatik jorratu ditut liburu honen.

Umeentzat zuzendutako ipuinek pedagogikoak izan behar al dute?

Ez dut uste hala izan behar dutenik. Azken urteetan eragin pedagokiko gehiegi sumatzen dut haurrentzako ipuinetan. Duela urte batzuk arte, ez zegoen bereziki gazteei zuzendutako ipuin edota eleberririk. Helduentzako liburuak irakurtzen genituen gazteak ginenean. Haurrei zuzendutako ipuinen industria sortu da orain, eta irizpide komertzialak sortu dira horren inguruan; hezkuntza sistemak bereganatu egin du idazlea. Hori dela eta, idazle asko ikastetxeetan arrakasta izan ditzaken elementuak edota gaiak erabiltzen hasi da. Haur eta gazte literaturak asko galdu duela uste dut, eta haurrentzat ere desegokia dela uste dut bide hori; umeek ingurutik eragin asko jaso behar dute, eta eragin guzti horien artean joan behar du osatzen nortasuna. Baina umeak propio berarentzat bideratutako elementuak soilik jasotzen baditu, bere nortasuna murrizten joango da. Hortik kanpo idazten dut, umearengan aportazio berriak egiten saiatzen naiz.

Oro har, nola ikusten duzu euskaraz egiten den haurrentzako literaturaren panorama?

Euskal Herrian idazle on sorta bat badugu, eta lan politak egiten ari dira oro har. Baina bi literatura mota daude; batetik, idazleak egiten duen lanarekin gozatzen duena dago. Bestea, berriz, arrakastaren bila doana da. Lana egiteko bi modu zeharo desberdinak dira horiek. Niri ez zait axola arrakasta; barruan dudan mundua ateratzea nahi dut. Noski, egindako lan hori umeei gustuko izatea ere nahi dut. Hala ere, liburu bat kaleratzen duenak umiltasun osoz onartu behar du lan hori ez gustatzeko aukera badagoela, eta idazleei orokorrean kostatu egin zaie hori.

Zein da hartzailerik zailena; heldua ala haurra?

Desberdintasun bat badago bi figura horien artean; helduak aurreiritzi asko du eta burua kutsatuta du, gauza askoren eraginpean baitago; izan dituen ezbeharrek, bizipenek, ideologiak, erlijioak, edota frustazioek izugarrizko eragina dute. Zentzu horretan, konplexuagoa da irakurle hori. Haurraren begirada garbiagoa da eta ez ditu barneratu oraindik bizitzako elementu asko. Zentzu horretan, zuzenagoa eta zintzoagoa da; pixkanaka ikasten du gezurrak esaten eta hipokrita izaten, eta Nemesioren trikitixa liburuan hori jorratu dut. Hala ere, oro har haurrek pentsatzen dutena esaten dute, eta helduei hori asko kostatzen zaigu. Ez naiz oso hipokresia zale, baina gizartearen aurrean guztiok dugu jarrera zehatz bat. Onartua eta maitatua izatea bilatzen dugu beti. Guzti horrekin apurtzen saiatzen naiz batzuetan; umeen izaera gehiago neureganatu dut helduena baino. Idazle bezala ere, beraz, gehiago fidatzen naiz haurrekin, badakidalako liburuaren inguruan benetan pentsatzen dutena esango didatela.