Corrugados Lasaoko langileek hamasei egun daramatzate greba mugagabean

Uztarria.eus 2010ko urr. 7a, 13:10

Protestaldiak abuztuan hasi zituzten eta oraindik ez dute enpresako zuzendaritzarekin akordiorik lortu

Negoziazioa "gaizki" doala adierazi dute langileek

Duela hamasei egun hasi zuten greba mugagabea Alfonso Gallardo taldeko Corrugados Lasao enpresako 70 langileek.

Langileek zuzendaritzarekin negoziatzea eskatzen dute, eta hamasei egun greba mugagabean pasatu ondoren negoziazioa "gaizki" doala jakinarazi dute langileek: "Negoziazioa moztuta dago, zuzendaritzak orduen igoeraren gaiarekin jarraitzen du eta guk lehengo orduak mantendu nahi ditugu".

Protestaldiak abuztuan hasi zituzten, ordubeteko lanuzteak eginez. Izan ere, lan hitzarmena 2008an amaitu zitzaien langileei, eta hitzarmena negoziatzea eskatzen diote langileek zuzendaritzari. Zuzendaritzaren jarrera ikusita, duela hilabete inguru lau orduko lanuzteak egin zituzten. Langileen arabera, "onartezina da negoziazioekin hasteko enpresako zuzendaritzak jarritako baldintzak onartzea, 56 orduko lan hazkundea onartzea inposatu nahi baitigute".